Gizartea -
Mahai sektoriala
Osakidetzak 3.000 lanpostu egonkortzeko eskaintza proposatu du, baina sindikatuek errefusatu egin dute
Lan eskaintza berriak, alde batetik, 2016ko urtarrila baino lehen behin-behineko langile batek edo gehiagok okupatutako bitarteko lanpostuak konkurtsora aterako lituzke, eta bestetik, hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna duten lanpostuak.
Agentziak | EITB Media
Aurten bitarteko 3.000 langile inguru egonkortzeko lan eskaintza publikoa deitzeko asmoa agertu diete Osakidetzako arduradunek sindikatuei mahai sektorialean, baina sindikatuek proposamena errefusatu dute "ez delako nahikoa". Osasun sistemak behin-behinekotasun tasa handia duela uste dute sindikatuek; izan ere, ia 9.000 bitarteko langilek zortzi urte baino gehiagoko antzinatasuna dute.
Sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez, lan eskaintza publiko berria ekainaren 1a baino lehen onartu eta argitaratu beharko lukete aldizkari ofizialean. Batetik, 2016ko urtarrila baino lehen behin-behineko langile batek edo gehiagok okupatutako bitarteko lanpostuak konkurtsora aterako lituzkete, eta, bestetik, hiru urte baino gehiagoko antzinatasuna duten lanpostuak.
Osakidetzako arduradunek aurkeztutako "3.000 lanpostu" baino gehiago konkurtsora ateratzea posible dela uste du UGTk. "Gaur aurkeztu dizkiguten datuek ez dute islatzen Osakidetzaren behin-behinekotasun errealitatea", salatu du sindikatuak.
Bestalde, Euskadiko osasun zentroen egoera "larria" hobetzeko "neurri bakar bat ere ez" planteatzea egotzi dio ELAk Osakidetzaren zuzendaritzari. Osasun zerbitzuko agintariek bitarteko beharginak egonkortzeko "3.000 lanpostu eskaseko" lan eskaintza publikoa deitzeko asmoa agertu izana deitoratu du sindikatu abertzaleak.
Azkenik, Garapen Profesionaleko Akordioa "ez betetzeko atea irekita uztea" leporatu dio LABek Osakidetzako zuzendaritzari.
Gainera, sindikatu abertzaleak salatu duenez, mahai sektorialeko bileran, osasun sistemako arduradunek "arazo burokratikoak" erabili eta "gainerakoak erruztatu" dituzte "langileenganako errespetu eta prestutasun falta janzteko".