Gizartea -

Osasuna

EAEk ez du pandemia aurreko organo emateen tasa berreskuratu, altua den arren

Bi urte pandemiko hauetan egonkor mantendu da tasa, eta milioi bat biztanleko 50 emailetik gorakoa da. Nolanahi ere, 2029-2018 aldian baino % 18 txikiago da.

Transplanteen kopuruak % 4 egin du behera 2019-2018 aldiarekin. Argazkia: Irekia
Transplanteen kopuruak % 4 egin du behera 2019-2018 aldiarekin.
Transplanteen kopuruak % 4 egin du behera 2019-2018 aldiarekin. Argazkia: Irekia

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) organo eta ehun emaile kopuru handia du, nahiz eta azken bi urteotan pandemiak zailtasunak eragin dituen, eta emateen tasa % 18 jaitsi den pandemia aurreko mailarekin, 2018 eta 2019ko datuekin, alderatuta.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 2021ean milioi bat biztanleko 51,13 emaile izan zituen EAEk, aurreko urtearen oso antzeko kopurua.

Osasun Sailak azpimarratu duenez, "EAE da 2000. urtetik urtean batez beste milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiago dituen herrialde bakarra".

Iaz emaileen heriotzen % 53,9 istripu zerebrobaskularraren ondorio izan ziren, eta % 13,3, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (% 6,2 trafiko istripuagatik).

Organo eta ehun emateek 2020-2021ean behera egin duten arren, epe berean egindako transplanteak ez dira maila bertsuan jaitsi, % 4 bakarrik egin baitute behera, "prozeduren efizientziaren eta profesional parte-hartzaileen ondorioz", Osasun Sailaren arabera.

Iaz, guztira 237 pertsonari egin zioten organo-transplantea EAEn edo EAErekin hitzarmena duten beste autonomia-erkidego batzuetan; alegia, milioi bat biztanleko 107 pertsonak.

Hala, azken 10 urteotan, guztira 2.497 organo-transplante egin dira EAEn: 1.518 giltzurrunetakoak, 718 gibelekoak, 122 kardiakoak eta 139 biriketakoak. EAEn paziente transplantatuen tasa urtean milioi bat biztanleko 110 pertsonatik gorakoa izan da.

2021ean, 145 ehun-emate (korneak, ehun osteotendinosoa, azala…) egin ziren. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen dira, Galdakao-Usansoloko Ospitalera, haiek prozesatu, babestu eta transplantatzeko banatu ditzaten.

Era berean, hezur-muineko 47 transplante egin ziren Euskadiko Erreferentzia Zentroan, Donostia Unibertsitate Ospitalean.

Espainiako Estatuan 40,2 emaile dituzte milioi bat biztanleko

Osasun Ministerioak ere organo eta ehun emateen datuak eguneratu ditu gaur. EAEn ez bezala, 2021ean gora egin zuten (% 8 gehiago), baina han ere pandemia aurreko zenbaki errekorretara ezin bueltatuta egon dira.

Carolina Darias Osasun ministroak iragarri duenez, Espainian milioi bat biztanleko 40,2 emaile daude; EBko batezbestekoa (18,4) halako bi eta Alemaniakoa (10,9) halako lau.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak