Gizartea -

KORONABIRUSA

1234 positibo atzeman dituzte Nafarroan eta 6 pertsona hil dira covidagatik

Duela astebete baino 500 kutsatze gutxiago atzeman ziren atzo, eta duela bi baino 1.000 gutxiago, Eguberri aurreko kopuruetara itzuliz. Dena dela, 21 lagun hil dira covidagatik astelehenetik larunbatera.

Jende ilara, Nafarroako anbulategi baten aurrean. Argazkia: EFE
Jende ilara, Nafarroako anbulategi baten aurrean.
Jende ilara, Nafarroako anbulategi baten aurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abenduaren 29an egun bakar batean 4.760 positibo detektatu ondoren, covid-19aren kasu berriak jaisten hasi ziren, eta aste osoan zehar 2.000 inguru izan dira: 1.999 ostegunean, 1.864 ostiralean... Eta, atzo, larunbata, beste 1.234 positibo atzeman ziren Nafarroan, duela astebete baino ia 500 kasu gutxiago (1.693) eta duela bi baino 1.000 gutxiago (2.382), Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.

Kasu guztietatik 349 Iruñean diagnostikatu dira, 63 Sarrigurenen, 50 Tuteran, 40 Burlatan, 30na Zizur Nagusian eta Lizarran, 28 eta Barañainen, 24 Berriozarren, 20 Antsoainen, 16 Mutiloan eta 15 Uharten.

Gainera, larunbatean 6 pertsona hil ziren covid-19aren ondorioz Nafarroan, eta 18 paziente berri ospitaleratu zituzten ospitaleetan.276 pertsona zeuden Nafarroako ospitaleetan covid-agatik ospitaleratuta (bezperan baino 10 gehiago), horietatik 33 intentsiboen unitatean (4 gutxiago).

Azken bi egunetan, ostiral eta larunbatean, 13 pertsona hil dira covida dela eta Nafarroan, eta beste 8 astelehen eta ostegun bitartean; beraz, igandeko datuaren faltan, 21 pertsona hil dira covidagatik aste honetan.

Chivite baikor agertu da covid kasuak astebetean %30 jaitsi direlako Nafarroan

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak azpimarratu duenez, azken astean hobekuntza nabarmena izan du covid-19aren intzidentzia metatuak Foru Erkidegoan, baina ZIUetan "oraindik ere presioa" dagoela onartu du.

Hedabideen aurrean larunbatean esan zuenez,"kasu kopuruak jaisten jarraitzen du, joan den astean baino % 30 kasu gutxiago daramatzagu aste honetan", baina ospitaleetan, eta bereziki Zainketa Intentsiboetako Unitateetan, egoera ez dela oraindik arindu aitortu zuen: "Kasuen intzidentzia jaitsi ondoren, 15 bat eguneko epean behera egin beharko luke ospitaleetako okupazioak, baina ikusiko dugu bilakaera nolakoa den", gaineratu zuen zuhurtziaz.

Presidenteak gogorarazi zuenez, egungo murrizketak urtarrilaren 31ra arte egongo dira indarrean, eta "datorren astearen erdi aldera, murrizketekin zer egin aztertuko dugu". Horren harira, "murrizketak gogorren edo zuzenen jasaten ari direnak gaueko aisialdiarekin zerikusia duen sektorekoak" direla nabarmendu zuen.

Medikuen Sindikatuaren protestei buruz galdetuta, Nafarroako presidenteak onartu zuen osasun-langileak direla pandemiaren "zama handiena jasaten ari direnak" eta "ia bi urte daramatzatela atsedenik gabe". "Pandemia pixkanaka igarotzen joatea behar dugu gauzak normaltasunera itzuli ahal izateko eta ditugun proiektu guztiak martxan jartzeko, Lehen Mailako Arretako zerbitzuen prestazioa hobetzeko, adibidez" adierazi zuen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Nafarroako Ospitale Gunea María Chivite Koronabirusa Osasunbidea