Gizartea -
Coronavirus
Kutsatzeak gehi txertoa jasotzeak, edo alderantziz, inmunitate sendoagoa sortzen du
Immunitate hibridoak antigorputz gehiago eta indartsuagoak sortzen ditu; txerto hutsak eragindakoak baino 10 aldiz sendoagoak, gutxienez.
EITB MEDIA
Gauza bera da koronabirusarekin kutsatzea eta ostean txertoa hartzea ala txertatzea eta ondoren birusa harrapatzea. Hau da, ez dago alderik bi egoera horien artean. Batean zein bestean, "erantzun immunitarioa oso altua da", ikerketa baten arabera.
Science Immunology aldizkariak argitaratu ditu emaitzak, eta erakusten dute txertoak (kutsatu aurretik zein ondoren) antigorputz sendoagoak sortzen dituela txerto hutsak (kutsatzerik gabe) baino.
Kutsatu direnen kasuan, Osasun Publikoak hirugarren dosia hiru hilabetetik bostera atzeratzeko hartutako erabakiaz minzatu da Ana Galarraga Elhuyarreko zientzialaria ETB1eko 'Egun on Euskadi' saioan.
"Ondorioztatu dute hobeto dela dosi gehigarria atzeratzea gaixotasuna izan dutenen artean, kutsatzeak ere immunitatea sortzen duelako. Are gehiago, immunitate hibridoak erantzun hobea ematen du. Azken batean, hirugarren dosiaren egitekoa da sistema immunologikoari defentsak sortu behar dituela gogoraraztea, eta birusa harrapatu dutenen artean ez da beharrezkoa", adierazi du.
Aldi berean, zehaztu du birusaren gaineko ikerketak egiten ari diren adituek denbora behar izan dutela aurretik esandakoa egiaztatzeko, eta horregatik aldatu dutela irizpidea: "Ongi hartutako erabakia da".
"Immunitate hibridoa oso sendoa dela eta epe laburrean dosi gehiago behar ez direla ikusi dute"
Omicronek immunitate handiagoa sortzen duen galdetuta, argi utzi du oraindik ez dagoela ondorio horretara iristeko adina froga, baina immunitate handiena kutsatzeak gehi txertoa jasotzeak sortzen duela, birusaren aldaera gorabehera. "Horrek ez du esan nahi kutsatzea ona denik, ezta gutxiago ere. Beti da seguruagoa txertoa jartzea, kutsatzea baino, inoiz ez dakigulako birusak zer-nolako ondorioak ekar ditzakeen. Ez dugu ahaztu behar epe luzera ere eragiten dituela sintomak, covid kronikoa esaterako.
Science Immunology aldizkariak argitaratutako ikerketa
Immunitate hibridoak antigorputz gehiago eta indartsuagoak sortzen ditu; txerto hutsak eragindakoak baino 10 aldiz sendoagoak, gutxienez, ondorioztatu du ikerketak.
Omikron iritsi aurretik egin zuten ikerketa, baina ikertzaileek uste dute aldaera horrekin ere horixe bera gertatatuko dela, hots, immunitate handiagoa izango dutela kusatuta egon direnek, baldin eta txertoa hartzen badute.
Hain zuzen ere, ikertzaileen iritziz, pertsona askok immunitate hibridoa lortuko dute: denborarekin, geroz eta giza immunitate handiago bati egin beharko dio aurre birusak.
"Emaitza horiek gehi aurretik egindako lanak ondorioztatu dute SARS-CoV-2 birusa infekzio endemiko arin bat bihur daitekeela, alegia, arnas-aparatuarekin lotutako urtaroko gaitz bat izango dela, mundu pandemia bat izan beharrean", azpimarratu du Marcel Curlinek, ikerketaren egileetako batek.