Gizartea -

Sua aktibo dago oraindik

Galiziako Fragas do Eumeko sutea kontrolpean dago

Oposizioak suteen aurkako borrokan murrizketak egin izana leporatu dio Galiziari. Herritarrak sare sozialen bitartez mugitzen hasi dira.

Fragas do Eumeko 200 hektarea inguru kiskali dira dagoeneko. Argazkia: EFE
Fragas do Eumeko 200 hektarea inguru kiskali dira dagoeneko. Argazkia: EFE
Fragas do Eumeko suak piztuta jarraitzen du

01:10

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

A Capelan (Coruña) dagoen As Fragas do Eume natura-parkeko sutea kontrolpean dagoela iragarri du Galiziako Gobernuak agiri batean.

Suteak 750 hektarea erre ditu, eta horietatik 370 babestutako natura-parkekoak dira.

Aurretik, Galiziako Gobernuak larunbatean ezarritako alerta maila malgutu du.

Fragas do Eume 1997an izendatu zuten natura-erreserba, eta Galiziako ipar-mendebaldean dago, Coruñan. Orotara, 9.125 hektarea ditu.

Sutea larunbatean hasi zen, 16:16an, eta 750 hektarea erre ditu, horietako 500 baso-gunekoak. Galiziako Gobernuaren esanetan, sutea nahita piztutakoa izan da.

Alberto Nuñez Feijoo gobernuburuak esan du "kriminala" dela "gure hondare baliotsuenari su ematea". "Orain amatatu egin behar dugu, baina ezin dugu ahaztu norbaitek erre duela", gaineratu du.

Haserrea

Bien bitartean, suteak haserre handia ekarri du Galizian, Gobernuaren zein piromanoen aurka.

Hori horrela, Pachi Vazquez PsdeGko buruak "ezohiko neurriak" abiatzea eskatu du, eta Francisco Jorquera BNGko diputatuak "prebentzioa ahaztu izana" leporatu dio Xuntari.

Izquierda Unidak eta beste hainbat alderdi txikik ere Gobernuaren aurka egin dute, eta suteen aurkako borrokan murrizketak egin izana kritikatu dute.

Politikatik kanpo, erakunde ekologistek kezka agertu dute. Adibidez, Greenpeacek gertatutakoa "sakon ikertzeko" eskatu die Gobernuari eta Fiskaltzari, sutea jazo den lekutik gertu Picobello Andalucita enpresak uztiatzen duen meategiarekin zerikusirik duen argitzeko.

Euren aldetik, herritarrak sare sozialen bitartez mugitzen hasi dira, eta #sosfragasdoeume etiketa erabiliz, elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte Twitterren.

Europan antzekorik ez duen natura-erreserba

Fragas do Eumek balio natural handia dauka, oso anitza baita. Adibidez, 23 zuhaitz espezie daude bertan, tartean haritzak, gaztainondoak, urkiak, haltzak eta lizarrak.

Faunari dagokionez, 126 ornodun eta 103 hegazti espezie daude. Ugaztunen artean, otsoak, lepahoriak, basakatuak, basurdeak, orkatzak, oreinak eta adarzabalak daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea