Gizartea -

radio euskadi

EAJk eta PSEk neurri murriztaileak mantentzearen alde egin dute, kasuen beherakada sendotzeko

EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs taldeek Eusko Jaurlaritzak covid ziurtagiria hedatzeko egindako eskaera kritikatu dute Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan. Uste dute neurri eragingabea dela seigarren olatuari aurre egiteko.

Ekain Rico (PSE) eta Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Ekain Rico (PSE) eta Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media
Ekain Rico (PSE) eta Isa Gonzalez (Elkarrekin Podemos-IU), Radio Euskadin. Argazkia: EITB Media

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ eta PSE gobernukideek neurri murriztaileak zabaltzearen beharra defendatu dute Radio Euskadiko "Parlamento en las Ondas" saioan, "zuhurtziagatik". Jose Antonio Suso jeltzaleak azaldu duenez, "intzidentziak behera egin badu ere", Osasun Batzorde Teknikoak uneko neurriekin jarraitzea gomendatu du. Ekain Rico sozialistaren aburuz, "bide onetik goaz", baina seigarren olatu hau kontrolatu beharra dago. Hori dela eta, murrizketak otsailaren 13ra arte mantentzea aholkatu dute. Biek defendatu dute covid ziurtagiria "beste espazio batzuetara zabaltzea".

Oposizioak, berriz, ez du gogo onez hartu Eusko Jaurlaritzak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari covid pasaportea zabaltzeko egindako eskaera. Haien ustez, pase sanitarioa ez da neurririk onena seigarren olatu honetako kasuak gutxitzeko.

EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP-Cs taldeak bestelako neurriak ezartzearen alde agertu dira, espazio itxietan "CO2a neurtzea", esate baterako.

EH Bilduko Mikel Oterok adierazi du Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriek ez dutela funtzionatzen, eta nabarmendu du "Lehen Arreta indartzean" ipini behar dela fokua. Oterok azpimarratu du gobernua dela osasun-sistemaren "gainezkatzearen" arduraduna, eta "kolapsatuta" dagoela.

Isa Gonzalez Elkarrekin Podemos-IU taldeko legebiltzarkidea bat etorri da diagnostiko horrekin. "Porrot" eta "desastre" gisa ikusten du Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa, "berandu" iritsi diren eta "nahikoa" ez diren neurriekin.

PP-Cs koaliziotik, Laura Garridok Lakuaren "irizpide aldaketa" kritikatu du, eta azalpenak eskatu ditu, galdetuz zergatik den Euskadi kasuen indizerik "altuena" duena, "murrizketa handienak" izanik.

Alderdi guztiek egin diote uko Euskadin txertaketa derrigorrezko egiteari. Immunizazio-tasa % 90 gainetik dago bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Alderdi Popularra Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea EH Bildu Gipuzkoa PSE-EE Gipuzkoa Ciudadanosi buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos berriak Covid birusaren olatu berria