Gizartea -

sabino arana sariak

Sabino Arana fundazioak gizartearekiko konpromisoa omentzen duten urteroko sariak banatu ditu Bilbon

Aita Mari ontzia, Basque Culinary Center, Luis Ugalde jesuita, Gaztelu Elkartea, Luis Bengoa kazetaria eta Club Bidasoa izan dira sarituak.

2022ko Sabino Arana Sarien irabazleak. Argazkia: EFE
2022ko Sabino Arana Sarien irabazleak. Argazkia: EFE
Elkartasuna, kultura, oroimenaren balioa eta prestakuntza saritu dituzte Sabino Arana Sarien 33. edizioan

2:0

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sabino Arana Sarien gala egin dute igande honetan Bilboko Arriaga Antzokian. XXXIII. edizio honetan, gizartearekiko elkartasuna eta konpromisoa omendu nahi izan dituzte. Hala, saritu dituzte Aita Mari migratzaileen salbamendu-ontzia, Basque Culinary Center, Luis Ugalde euskal-venezuelar apaiz jesuita, Amaiurko Gaztelu Elkartea, Luis Maria Bengoa kazetaria eta Bidasoa kirol kluba.

Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioko presidenteak aurkeztu du ekitaldia, eta alboan izan ditu Fundazioko Patronatuko kideak zein agintari instituzional ugari, Iñigo Urkullu lehendakaria buru.

Luis Ugalde jesuita bergararra izan da eszenatokira igotzen lehena. Gizarte ekintzailea eta "erreferente moral eta politikoa" da Venezuelan, duela 65 urtetik bertan bizi baita. Bere jatorriaz hitz egin du, eta "zailtasunen aurrean" amore ez ematen ikasi zuen baserriaz; "lanaren eta irmotasunaren bitartez".

Amaiur Gaztelu Elkarteak jasotako sariaren kasuan, Isabel Aleman Amaiurko alkateak "garaiko euskal erakundeen babesarekin" eraikitako monolitoaren laburpen historikoa egin du. Bere hitzaldian gogorarazi duenez, "Amaiurrek ordezkatzen duen memoria historikoa ezabatzeko" bota zuten, eta 1982an Gaztelu Elkartea sortu zen, monumentua eta horren esanahia berreskuratzeko helburuz.

Bestalde, Luis Mari Bengoa kazetariak Arabako nekazari eta abeltzainekin Europatik egindako lehen bidaiak ekarri ditu gogora, eta herri kirolaren alde izan duen etengabeko borroka.

Hurrengo golardoa CD Bidasoa klubarentzat izan da, eskubaloiaren sustapenaren alde egindako ekarpenagatik; eta nazioarteko kirol panoraman Irunen, Bidasoaldearen eta Euskadiren proiekzio eta posizionamenduaren alde lan egiteagatik. Gurutz Aginagalde klubeko presidenteak nabarmendu duenez, "herriaren taldea da, eta herriari zor zaio".

Basque Culinary Centerri (BCC) emandako golardoarekin nabarmendu dute duela hamarkada bat abiatu zela "formakuntzan, berrikuntzan, ikerketan eta sustapen gastronomikoan nazioarteko erreferente bilakatu den" proiektua, Mondragon Unibertsitatearen eta euskal erakundeen aliantzaren emaitza. Joxe Mari Aizega zuzendariak adierazi du BCCk nortasun propioa garatu duela, entitate akademiko klasiko batekin ia zerikusirik ez duena.

Azkenik, Nerea Machado SMH elkarteko kideak Aita Mariri emandako saria jaso du, eta gogora ekarri du proiektua martxan jarri zutenetik sei misio garatu dituztela, 714 pertsona erreskatatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Euskal hiriburuak Azken albisteak Urkullu Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Arriaga Antzokia argazkiak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Unibertsitate mailako gastronomia ikasketak Aita Mariri buruzko albisteak