Gizartea -
EGURALDIAREN IRAGARPENA
Zeru hodeitsua eta tenperatura maximo altuxeagoak izango dira aste honen hasieran hotza nagusituko den arren
Iragarpenen arabera, eguraldi grisa izango da otsaileko lehen egunetan, eta haizeak balio baxuagoetan utziko ditu tenperaturak.
EITB Media
Eguraldi grisa izango da otsaileko lehen egunetan, eta lanbroa eta lainoak izango dira nagusi; batez ere, goizez eta barnealdean. Haizeak tenperatura baxuak eragingo ditu.
Euskalmeten iragarpenen arabera, urtarrilaren 31n, astelehenean, isurialde atlantikoan giro goibela izango da eta euria egingo du, batez ere egunaren bigarren partean. Egunaren hasieran, hegoaldean ateri egongo da eta ostarte batzuk ager daitezke, baina goizak aurrera egin ahala hodeiak ugaritu egingo dira eta arratsalde-gau partean euritara joko du ziurrenik. Ipar-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoek behera egingo dute, ipar-ekialdean izan ezik. Elur-kota ere jaitsiko da, eta 1.000 metro inguruan koka daiteke azken orduetan. Ebro ibarrean, ziertzo-bolada oso gogorrak izango dira.
Asteartean, otsailaren 1ean, berriz, eguraldiak ildo beretik jarraituko du egunaren lehen partean, eta giroa goibela eta umela izango da, batez ere iparraldean. Orduak igaro ahala, berriz, hegoaldean atertu egingo du; isurialde atlantikoan, ilunabarrera arte jarraituko du euria egiten, batez ere ipar-ekialdean. Gauean, ateri egongo da eta hodeiak gutxituz joango dira. Ipar-haizea eta tenperatura baxuagoak izango dira. Goizaldean, elur-kota 1.000 metrora egongo da, egunaren erdiko orduetan elur-kota igo egingo da, eta 1.500 metrotik gora kokatuko da arratsaldean.
Asteazken goizean, lanbroa eta lainoa gailenduko dira. Zerua oskarbi edo hodei gutxirekin egongo da, egunaren lehenengo partean isurialde atlantikoan behe-hodeiekin tarteka hodeitsu, batez ere ekialdean. Haize ahula eta aldakorra ibiliko da, azken orduetan hego-osagaia nagusi. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsi eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira. Arabako zenbait lekutan, izotz txikia egiteko probabilitatea handia da.
Une oro kontsulta dezakezu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta zure argazkiak bidali.