Gizartea -

Koronabirusa

4 pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, 5 Bizkaian eta bat Araban covid-19aren ondorioz

Gipuzkoako adinekoentzako zentroek 388 positibo aktibo dituzte une honetan, eta Araban, berriz, 168. Bizkaiak 366 erabiltzaile ditu positibo baieztatuekin.

Adinekoen egoitza bat. Irudia: EFE
Adinekoen egoitza bat
Adinekoen egoitza bat. Irudia: EFE

I. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako egoitzetako lau erabiltzaile hil dira azken astean covid-19aren ondorioz. Hala, 26 pertsona hil dira azaroaren 29tik.

Eider Mendoza Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, 388 kasu positibo aktibo daude banatuta 36 egoitzatan.

Azken astean 300 positibo berri atzeman dira erabiltzaileen artean, eta 379 sendatu dira.

Egoitzetako langileei dagokienez, gaur egun 254 positibo daude, aurreko astean baino 22 gehiago, 47 egoitzatan banatuta.

Arabako egoitzetan kutsatutako erabiltzaileen kopuruak gora egin du astebetean, 26 gehiago, eta 168 dira dagoeneko. Gehienak, 148, erakunde pribatuetakoak dira. Kasu aktiboak dituzten zentroak 19ra murriztu dira, hau da, zazpi gutxiago. Gainera, pertsona bat hil da.

Gaur egun sei pertsona daude ospitaleratuta, duela zazpi egun baino bi gutxiago. Gainerako kutsatuek sintoma arinak dituzte edo sintomarik gabekoak dira.

Gainera, azken astean 131 erabiltzaile berreskuratu dira. Arabako egoitzetako 103 langile bajan daude kontaktu estua edo positibo izateagatik.

Bizkaian egoitzetako bost erabiltzaile hil dira azken astean, aurreko astean baino bat gehiago. Adinekoentzako egoitza-zentroen sareak 366 erabiltzaile ditu gaur egun positibo baieztatuarekin, duela zazpi egun baino 160 gutxiago, eta horietatik 29 ospitaleratuta daude.

Langileen artean, egoitzetako 205 langilek dute positibo baieztatua, zazpi egun lehenago baino 23 gutxiagok, eta beste 39 isolamenduan daude, baina covid-19aren baieztapenik gabe, aurreko asteko berberak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Pertsona edadetuak