Gizartea -

Araba

Laudiok helegitea aurkeztuko du langile baten kaleratzea baliogabetzat jo duen epaiaren aurka

Kontseiluak salatu du hizkuntza politika "nahieran" arautzen hasi dela botere judiziala, epaien bidez; eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gogorarazi du euskara hizkuntza ofizialetako bat dela. EAJk, EH Bilduk, ELAk eta LABek ere gogor kritikatu dute ebazpena.

Laudioko Udala. Argazkia: Iñaki Arteta.
Laudioko Udala. Argazkia: Iñaki Arteta.
Laudioko Udalak helegitea aurkeztu du Gazteizko epailearen auto aurrean

1:38

Agentziak| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laudioko Udalak helegitea aurkeztuko du bitarteko funtzionario baten kaleratzea baliogabetzat jo duen epaia-ren aurka. Euskararen 3. Hizkuntza Eskakizuna (HE) -lauko eskalako bigarren mailarik altuena- egiaztatu ez zuelako kendu zuten kargutik. Gasteizko epaitegi batek, baina, baliorik gabe utzi du erabakia, besteak beste, euskara ikastea "oso zaila" dela argudiatuta.

Ander Añibarro alkateak errekurtsoa jarriko dutela jakinarazi dio gaur Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari.

Ebazpen judizial hau sinatzen duen magistratuak, kargu-uztea baliogabetzeko legezko beste arrazoi batzuen artean, argudiatzen du ez dela egiaztatu langileak lanpostuan jarduteko duen "gaitasun falta". Gainera, argudio juridikoak eta arauemaileak alde batera utzita, Udalari "sentsibilitate eza" egotzi dio funtzionarioak hizkuntza bat ulertzeko egiten dituen ahaleginen aurrean, hizkuntza horren ikaskuntzak "aparteko zailtasunak" baititu.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak bere "harridura" adierazi du ebazpen judizial honen aurrean, eta zalantzan jarri du hizkuntza bat ikasteko ustezko zailtasunak epai bat "zentzu batean edo bestean" erabaki dezakeen.

Sailburuak zehaztu duenez, hizkuntza bat ikasteko zailtasuna "oso subjektiboa" da, eta, neurri handi batean, hizkuntza hori ikasten ari dena jatorrizko hizkuntza-ingurunearen mende dago.

Nolanahi ere, gogorarazi du Euskal Autonomia Erkidegoan badagoela hizkuntza-bizikidetza garatzen duen arau-esparru bat, eta Euskadiko herritar guztiek dutela dagokion administrazioarekin harremanak izateko eskubidea, bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan.

Alderdi politiko eta sindikatu nagusiek ere gogor kritikatu dute Gasteizko epaitegiaren ebazpen polemikoa.

Jose Antonio Suso Arabako EAJren presidenteak "astakeriatzat" jo ditu epaileak emandako argudioak. "Ez du hankarik ez bururik", adierazi du.

"Azkeneko ebazpenak ikusita, agerian geratzen ari da epaile batzuentzat zaila izan zela zuzenbidea ikastea, ez baitira gai ideologia eta legea bereizteko. Penagarria", idatzi du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak sare sozialetan.

LAB sindikatuaren ustez, ebazpen hori euskaraz bizi nahi duten herritarren aurkako "erasoa" da, udalen eskumena urratzen du eta bizikidetzari kalte egiten dio.

Ildo berean, epaileak euskara ikastea zaila dela justifikatzeko erabili dituen argudioak "Internetetik kopiatutakoak" direla eta "sinesgarritasunik ez" dutela adierazi du. "Hori euskararekiko gorrototik soilik egin daiteke", erantsi du.

ELA sindikatuaren iritzian, epai horrekin agerian geratu da "premiazkoa" dela 10-15 urtetan administrazioetako behin-behinekotasunarekin amaitzea eta langile guztiak euskalduntzea.  

Halaber, epailearen argudioak "iraingarriak" direla eta "euskarafobiaren ondorio" direla salatu du.

Bestalde, Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi du botere judizialak epaien bidez ezarri nahi duela hizkuntza politika berria Espainiako Estatuan, eta, are gehiago, "jurisprudentzia baliatuz", hizkuntza politika "nahierara" arautzen hasia dela salatu du.

'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'
'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'
'Pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzaren arabera egiten zaio hizkuntza bat errezago edo zailago'

1:25
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Laudio Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla Funtzionarioak argazkiak Kontseilua albisteak gaur