Gizartea -

Lan istripua

Arcelor Olaberriako langile bat hil da, enpresaren aurrean ibilgailu batek harrapatuta

Ezbeharra atzo jazo zen, 21:30ean, lanetik ateratzen ari zenean.

Arcelor Olaberria (Gipuzkoa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Arcelor Olaberria (Gipuzkoa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Arcelor Olaberria (Gipuzkoa). EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arcelor Olaberriako (Gipuzkoa) langile bat hil da ibilgailu batek harrapatuta lantegi aurrean, LABek jakinarazi duenez.

Sindikatuak ziurtatu duenez, ezbeharra 21:30 aldera gertatu zen asteartean, ibilgailu batek behargina harrapatu zuenean lanpostutik ateratzean.

Langilea zauri larrien ondorioz hil dela jakin du LABek goizean.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, dagoeneko aurten sei behargin hil dira lan-istripuan, Euskal Herrian. "Sarraskiak ez du etenik", salatu du.

Istripua "in itinere" bezala hartzea errefusatu du LABek, horiek "ez direlako ikertzen" eta, ondorioz, ez dira zuzentzeko neurriak aplikatzen.

LABek bildutako informazioaren arabera, biktima errepidea gurutzatzen ari zen zebra-bidetik, lanpostutik aparkalekura bidean, lanaldia amaitu ondoren.

Arcelor Olaberriako langileek aparkaleku publikoa erabiltzen dute ibilgailuak uzteko, eta autopista azpian dagoen zebra-pasagunea, "bertatik lanpostura joateko espresuki eraikia", azaldu du LABek.

Zentzu horretan, lan-istripua "in itinere" bezala hartzea "inola ere ez" dutela onartuko ohartarazi du sindikatu abertzaleak, nahiz eta esparru publikoan gertatu. "Egun guztietan errepikatzen duten ibilbidea da, enpresaren berezko aparkalekua izango balitz bezala", defendatu du LABek.

Sindikatuaren hitzetan, Arcelorrek arriskuak "identifikaturik izan behar ditu" eta dagozkion prebentzio neurriak aplikatu, Aldundiarekin eta Udalarekin elkarlanean, lantegi "barruan izango balitz bezala".

"Datuak oso gogorrak dira. Etxera itzultzen ez diren beharginak dira", salatu du LABek. Horregatik, lan-istripuaren aurka protesta egiteko deitzen diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Bestalde, aparkalekura joateko edo bertatik etortzeko errepidea gurutzatzea "laneko arriskua" izan beharko litzatekeela uste du ELAk; izan ere, "oso gaizki argiztaturik" dago, "enpresak ere badaki hori".

"Prebentzio neurririk ez zegoela bistakoa da", kritikatu du sindikatu abertzaleak ohar batean. "Egoera larriaren aurrean, prebentzio araudiaren urraketak kontrolatzeko neurriak berehala" martxan jartzea eskatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Gainera, "lantokietan antolatu eta urtero 50 behargin baino gehiagoren bizitza aurretik eramaten duen bidegabekeriaren aurka borroka egiteko" deia egin du ELAk.

"Gaitzarekin amaitzeko borondate politikoa eta enpresaburuen behin-betiko konpromisoa bakarrik behar dira, irabazteko gosearen gainetik langileen osasuna eta segurtasuna jarriz", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Albisteak Gipuzkoa LAB EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Ordizia Beasain Albisteak Sindikatuak Lazkao Goierri eskualdea ELA