Gizartea -
SEXU-ABUSUAK
Kartzelan sartu dituzte 3 neskato prostituitzera behartu eta abusuak egotzita atxilotutako 6 lagunetako 3
Ikerketa azaroan jarritako salaketa baten harira abiatu zen. Bi gizon eta emakume bat espetxera bidali zituen orduan epaileak, adingabeak etengabe prostituitzera bultzatu, sexu-abusuak egin eta osasun publikoaren aurkako delitua egitea egotzita.
EITB MEDIA
Foruzaingoak kartzelan sartu ditu hiru adingabe prostituitzera behartu eta horiei sexu-abusuak egitea egotzita aste honetan atxilotutako sei pertsonetako hiru. Kautelazko neurriak ezarri dizkiete gainerakoei; besteak beste, Espainiako Estatutik irteteko debekua. Hiru neska adingabe izan dira biktimak.
Ikerketa azaroan jarritako salaketa baten harira abiatu zen. Lehen fasean, Iruñeko instrukzio-epaileak kartzelara bidali zituen bi gizonezko eta emakumezko bat, eta kautelazko neurriak ezarri zizkien beste hiru pertsonari, 16 urtetik beherako hiru neskato prostituitzera bultzatzea eta sexu-abusuak egitea leporatuta. Ikerketaren arabera, Interneteko atari batean eskaintzen zituzten sexu-zerbitzuak.
Orain, ustezko bezeroak identifikatu dituzte: zazpi gizon. Ikertutako zazpi pertsona horietatik sei atxilotu ditu aste honetan Foruzaingoak, eta, atzo, Iruñeko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko epaileak horietako hiru behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen eta beste hirurak behin-behinean aske utzi zituen, baina Espainiako Estatutik ateratzeko debekua ezarri zieten.
Horietako biri, gainera, astelehenero epaitegira joateko betebeharra ezarri die. Ikertu gisa auzipetuko dituzte guztiak, 3 adingabe prostituitzera behartu eta sexu-abusuak egitea egotzita.