Gizartea -
Irteera operazioa
Arazorik ez euskal errepideetan, Irteera Operazioaren bigarren egunean
Behobian (Irun) 7 kilometrotarainoko auto-ilarak izan ostean, normaltasuna lagun dugu euskal errepideetan. Egunean zehar trafiko handia izan da A-8an Kantabriarako noranzkoan eta Armiñonen.
Erredakzioa
Ordura arte, ez da aparteko arazorik izan Irteera Operazioaren bigarren egun honetan Euskadiko errepideetan, Behobian (Irun) izandako 7 kilometrotarainoko auto-ilarak amaitu ostean.
Egunean zehar, Bizkaian, A-8an, Barakaldo parean, auto ugari doaz Kantabriako noranzkoan. Armiñonen, Araban, ere arazoak izan dira goizean zehar, AP-1 errepiderako sarreran N-1etik, eta dagoeneko baina dagoeneko konponduta daude.
Ertzaintzak istripua izan du
Gipuzkoan, Ertzaintzaren patruila batek istripua izan du lur orotako ibilgailua errepidetik atera eta irauli egin denean. Istripua GI-636 errepidean izan da, Hondarribia parean, Iruneko noranzkoan.
Kolpearen ondorioz, bi agenteek zauriak izan dituzte eta Bidasoako Ospitalera eraman dituzte, baina, antza denez, ez dute zauri larririk.
Milioi erdi joan-etorri
Orotara, ia milioi erdi ibilgailu izango dira euskal errepideetan asteazkenetik eta astelehenera arte, Aste Santuko oporretan, Herrizaingo Sailaren arabera.
Ertzaintzak 200 agente bideratu ditu zirkulazioaren segurtasuna eta arintasuna bermatzeko, eta Trafikoa Kudeatzeko Zentroak ere indartu egin du 011 informazio zerbitzua.
Gipuzkoan, itzulera operazioa beste egun bat luzartuko dute, asteartea arte, kamioien zirkulazioa egun horretan abiatuko baita berriz.
ZIRKULAZIO ARAZOAK: NON ETA NOIZ
Aurreko urteetan gertatutakoa ikusita, zirkulazio arazo nagusiak irteera operazioan jazoko dira, ostegun goizean batik bat.
Puntu gatazkatsuenak honakoak izango dira: N-1 errepidea Armiñonen, A-8 autobidea Irun parean eta A-8 autobidea Kantabriako mugan.
Armiñonen, arazo handienak N-1 errepidearen eta AP-1 autobidearen arteko loturan izango dira, puntu horretan errei bakarra baitago. Hain zuzen ere, gaurko 14:00etatik 20:00etara eta biharko 08:00etatik 14:30era izango dira itogune nagusiak.
Irungo mugan, batez ere biharko espero dira arazoak, 10:00etatik 15:00etara, Iparralderako noranzkoan.
Kantabriako mugan, gaurko 15:00etatik 21:00etara eta biharko 09:00etatik 14:30era izango dira pilaketak, eta astelehen arratsaldean Bilborako noranzkoan.
Ibilgailu astunei dagokienez, Herrizaingo Sailak murrizketak ezarri dizkie 7.500 kilotik gorako kamioiei, gaurko 17:00etatik 22:00etara, biharko 10:00etatik 15:00etara eta asteleheneko 16:00etatik 22:00etara.
ZIRKULAZIOARI BURUZKO INFORMAZIOA
Kontsultatu euskal errepideen egoera eitb.com-en Trafiko webgunean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren webguneetan edota 011 (Euskadi) eta 900 400 100 (Nafarroa) telefono zenbakien bitartez.
Ordu erdiro Euskadi Irratian ere ezagutu dezakezu zirkulazioaren egoera.