Gizartea -

KORONABIRUSA

Zubia: "Bi urte hauetan 1.000 kasu baino gehiago izan ditugu Donostia Ospitaleko ZIUan, inor ez bi aldiz"

"EAEn, 700 biztanletik bat kinka larrian jarri du koronabirusak bi urtean" zehaztu du Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak. Pandemiak langileen buru osasuna gogor kolpatu duela ere adierazi du, "gu zaindu gaitzaten ere behar dugu" eta baliabide gehiago eskatu dizkio Administrazioari.

Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko burua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko burua. Artxiboko argazkia: EITB Media
Felix Zubia, Donostiako Ospitaleko ZIUko burua. Artxiboko argazkia: EITB Media

Eider Jauregi Oiartzabal | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laster beteko dira bi urte koronabirusa gure bizitzetara iritsi zenetik. Sei olatu bizi izan ditugu tarte horretan eta seigarren hau beherantz hasita dagoela dirudien honetan, nolabaiteko balantzea egin du gaur Felix Zubia Donostiako Ospitaleko ZIUko buruak Euskadi Irratiko "Osasun Etxea" saioan. Denbora epe horretan 1.000 pertsona artatu dituztela Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboetako Unitatean jakinarazi du, "zenbakietatik haratago, hezur haragizko jende asko", baina datu baikor gisa jakinarazi du inor ez dela bi aldiz igaro ZIUtik, alegia, behin gaitza pasatu ondoren, eta bigarren aldiz kutsatu arren, inor ez dela berriz ere ZIUn egon.

Pandemiaren dimentsioaren berri ematen duen beste datu bat ere jakinarazi du Zubiak: "ZIUetako datuak ikusita, EAEn, 700 biztanletik bat kinka larrian jarri du koronabirusak bi urtean".

Hildakoak izan ditu gogoan medikuak, 100dik gora azken astean, Pello Zabala horien artean, "pandemiaz hitz egitean ez dugu hau ahaztu behar" hausnartu du.

Egunero-egunero gaixoak iristeak, hildakoak ikusteak, familiei jakinarazi behar izateak, baldintza gogorretan lan egiteak... horrek guztiak arrasto sakona utzi du osasun langileen artean ere. Lehen olatuan osasun langileen %45ek buruko arazoak izan zituela argitu du berriki ikerketa batek eta datu horiekin bat egiten du Zubiak. Euren unitatean %25ak arazoak dituela jakinarazi du, "nik neuk lo egiteko arazoak ditut" biluztu da. "Gaizki gaude eta norbaitek gu zaindu gaitzan ere behar dugu. Administrazioak neurriak hartu behar ditu eta eta pandemia arintzen bada ere, epe ertainera neurriak aurreikusi behar dira: baliabide gehiago jarri, behin-behinekotasunarekin amaitu..."

Musukoa kalean derrigorrezkoa ez izateaz eta covid pasaportea bertan behera geratzeaz

"Oso logikoa iruditzen zait kalean musukoa derrigorrezkoa ez izatea, eraginkortasun gutxiko neurria baita transmisioa eteteri dagokionez", esan du Felix Zubiak. Eta ildo berean, jakinarazi du "poza" hartu duela covid pasaportea kentzearekin. "Izan ere, trasmisioa eteteko baino, txertatuta ez zeudenei bizitza zailtzeko hartutako erabakia da, txertatzera bultzatzeko, eta nik beti esan dut jendea datuekin konbentzitu behar dela eta txertoaren onurak nahikoa dira jendea konbentzitzeko".

Gauzak horrela, horrelako neurriak, "eraginkortasun gutxikoak", hartzeak "jendea nekatu" egin dezakeela ohartarazi du, eta berak argi du "neurri gutxiago baina eraginkorragoak" behar direla.

Hala, zeintzuk diren neurri eranginkorrak gogoratu du: "Kanpoaldean, musukorik ez da behar jende artean distantzia errespeta badaiteke, eta jendetza pilatzen bada, orduan bai. Barrualdeetan beti eraman behar da maskara, ondo jarrita, sudurra eta ahoa tapatuz. Eta aireztapen egokia izatea gakoa da". Ahal dela, telelana bezalako lan moduak bultzatu behar direla ere esan du, eta bilkurak nahiz jendetzak saihestu.

Izan ere, datuak onera egiten ari diren arren, ZIUetan "50eko muga gainditzen denean hartzen direla neurriak" gogorarazi du, "eta oraindik 80tik gora pertsona daude ZIUetan". Beraz, ez da neurriak arintzeko unea oraindik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Irratia euskaraz Osasun albisteak gaur Donostia Unibertsitate Ospitalea Koronabirusa olatu berria Maskarak covid-19 EBko covid ziurtagiri digitala