Gizartea -
KORONABIRUSA
Zer dira eta zertarako balio dute covid-19aren antigorputzen probak?
Antigorputzen proba odol-analisi bat da, eta SARS-CoV-2arekin infekziorik izan den jakiteko egiten da.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
PCR, antigenoen testa edo antigorputzen proba. Birusa detektatzeko egiten diren proben inguruko nahasmena infinitua da gehienentzat.
PCR probei eta antigenoen test serologikoei buruz hitz egiten dugunean, birusaren infekzio aktiboa neurtzen duten metodoez ari gara, hau da, une horretan covid-19aren gaixotasuna pasatzen ari den ala ez.
Antigorputzen testek, berriz, gure organismoaren defentsek sortu duten immunoglobulina (antigorputzak) neurtzen dute, iraganean infekzioa igaro den jakiteko.
Test horiek egiteko ez da medikuaren agindurik behar, nahiz eta laborategi espezializatuetan egiten diren, 40 euro ingururen truke. Odol-lagin bat hartzen dizute, eskuarki hatz baten puntatik edo besoko zain batetik. Gero, lagina aztertu egiten da, birusaren aurkako antigorputzak garatu diren zehazteko.
Proba serologikoan emaitza negatibo batek adierazten du ez dagoela antigorputzik eta ez dela birusik izan. Hala ere, Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak esan duenez, gaur egungo proba serologikoek "baliteke SARS-CoV-2aren aurkako antigorputzik ez detektatzea eta, hala ere, izatea".
Kasu horretan, "ez da defentsak desagertu direlako", baizik eta "testek antigorputzen maila jakin bat neurtzen dutelako eta pertsona batzuenak maila horretatik behera egon daitezkeelako", azaldu du.
Nolanahi ere, Basarasen ustez, antigorputzak sortu diren jakiteak "ez du ekarpen berezirik egiten", birusarekin kontaktuan egon zaren ala ez baino ez du frogatzen.
Gainera, "pertsona batzuek antigorputzen testa egiten dute ondo txertatuta dauden jakiteko, baina nik ez nuke hori egitea gomendatuko, une honetan merkatuan dauden antigorputzen test gehienak pertsona batek infekzioa izan duen ala ez jakitera bideratuta baitaude, baina ez dute txertaketaren ondoren babes-maila nahikoa sortu duzun frogatzen", gaineratu du adituak.
Basarasen esanetan, sistema immunitarioak antigorputzak (N proteinak) sortzen ditu, eta horiek funtsezkoak dira birusari aurre egiteko; txertoaren konposatuak, berriz, antigorputz mota desberdinak sortzen ditu, S proteina (Spike).
"Merkatuko antigorputzen test gehienek ez dute S proteina detektatzen, N proteina baizik. Beraz, posible da ondo txertatuta egotea, antigenoen testa egitea eta negatibo ematea; horrek ez du esan nahi babestuta ez zaudenik, baizik eta test horrek ez duela balio organismoak sortutako antigorputzak neurtzeko", ohartarazi du. Bestalde, antigorputzen babesaz gain, "erantzun immune zelularra ere badauka gorputzak, T zelulek ematen dutena", adierazi du.
Ondorioz, Basarasen ustez, kontua da jakitea zein den probaren helburua? "Inoiz ez dira egin behar txertoak ondo funtzionatzen duen ala ez jakiteko, ditugun txertoak eraginkorrak direlako", erantsi du.
Hori dela eta, lehenik eta behin proba egiteko helburua zein den jakin beharko litzateke, eta hortik aurrera, "dirua gastatzea merezi duen ala ez" pentsatu.
Garrantzitsua da gogoratzea SARS-CoV-2aren aurkako antigorputzak dituzten pertsona batzuk infektatu egin daitezkeela txertoa jarri ondoren (txertatuen infekzioa) edo aurreko infekzio batetik sendatu ondoren (berrinfekzioa).
Emaitza negatiboa edo positiboa izan, "covid-19aren aurkako neurriak hartzen jarraitu behar da, txertoa jartzea barne, norberaren burua eta gainerakoak babesteko", azpimarratu du.