Gizartea -
Euskadi Irratia
Miren Basaras: "Orain lehentasuna zaurgarriak eta ospitaleak dira"
EHUko mikrobiologoak aitortu du bazela "neurriak arintzeko garaia" baina ohartarazi du "intzidentzia altuko gune batean" gaudela, eta horrek "aldaera berriak sortzea" ekar lezakeela.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Miren Basaras EHUko mikrobiologoak nabarmendu duenez, osasun-larrialdi egoera altxatuta, "orain lehentasuna pertsona zaurgarriak eta ospitaleen egoera" dira.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketa labur batean adituak aitortu duenez,"bazen neurriak arintzeko garaia", azken asteetan jaitsiera bat igarri delako positibotasunean eta baita erietxe eta ZIUetan ere, azken horietan beherakada "oso astiro" gertatu bada ere.
Dena dela, ohartarazi du "intzidentzia altuko gune batean" gaudela, eta horrek "aldaera berriak sortzea" ekar lezakeela. "Birusaren eboluzioaren menpe gaude, ez dakigu zelango bilakaera izango duen, eta, gainera, mundu osoan gertatzen ari da hori. Horregatik, oso garrantzitsua da sekuentziazioa eta osasun sistema indartzea".