Gizartea -
eguraldia
Asteburua epel eta hodeitsu etorriko da, igandean euritik amaitzeko
Tenperatura maximoak igoko dira asteburu honetan, baina minimoek ere behera egingo dute, eta igandeko bigarren partean eurira joko du.
i.l.k. | eitb media
Asteburu epela datorkigu oro har, tenperatura maximoen goranzko joerarekin. Minimoek ere, ordea, behera egingo dute, eta asteburu osoko joera hodeitsuak euriari irekiko dio bidea igandeko azken orduetan.
Euskalmeten aurreikuspenaren arabera, larunbaterako hodeiak eta ostarteak espero dira, hego-haizearekin, baina ateri eutsiko dio. Egunaren lehenengo partean erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugariak izango dira oraindik, eta goizean barnealdeko zenbait lekutan lainoa agertuko da.
Arratsaldean zerua garbiago egongo da, baina goi-hodeiak ez dira guztiz desagertuko. Hego-haizea dela eta, tenperatura maximoak igoko dira, batez ere Kantauri isurialdean. Tenperatura minimoek behera egingo dute eta hegoaldean izotza egin dezake. Egunaren amaieran hego-haizea indartu egingo da, bolada gogor batzuekin.
Igandean hego-haizea zakar ibiliko da, bolada oso gogor batzuekin haizeguneetan. Goizean goi-hodeiak nagusituko dira eta ordu askotan ateri eutsiko dio, baina arratsalde-gau partean hodeiak pilatuz joango dira eta giroa goibela eta euritsua izango da, batez ere Kantauri isurialdean.
Gauean haizea mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuz joango da eta barnealdean ahultzera egingo du. Tenperatura maximoak beste apur bat igoko dira eta nahiko epelak izango dira, ipar partean bereziki.
Eguraldiaren inguruko informazio eguneratua izateko, eitb.eus-en ikus dezakezu noiznahi, eta zure argazkiak bidali.