Gizartea -

HILKETA

15 urteko mutil bat atxilotu dute Elxen, gurasoak eta arreba hiltzea egotzita

Lehen ikerketen arabera, eskolan zituen emaitza kaskarrengatik eztabaida izan zuen ustezko hiltzaileak gurasoekin, eta ondoren hilketak gertatu ziren.

EIB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

15 urteko mutil bat atxilotu dute Alacanteko (Espainia) Elx herrian, haren gurasoak eta 10 urteko anaia hil dituelakoan, Polizia Nazionalak jakitera eman duenez.

Joan den asteartean aurkitu zituen senitarteko batek hiru gorpuak Elxeko etxebizitza batean.

Gazteak hilketen egilea dela aitortu du eta atxilotuta dago orain, datozen 24 orduetan Adingabeen Fiskaltzaren esku geratzeko zain.

Ondoren, abokatu defendatzaile bat esleituta edo Fiskaltzako ordezkari baten bitartez, deklaratu beharko du, eta adingabeentzako erreforma zentro batean sartuko dute kautelazko neurri gisa.

Asteartean izan zen krimen hirukoitza eta, lehen ikerketen arabera, eskolan zituen emaitza kaskarrengatik eztabaida izan zuen ustezko hiltzaileak gurasoekin, hilketak gertatu aurretik. Antza, aitaren ehiza eskopeta erabili zuen.

Alacanteko Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte gorpuak, autopsia egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak