Gizartea -
Lucero lurmuturretik gertu
Itsasora eroritako arrantzale bat erreskatatu dute Bizkaiko kostaldean
Halaber, ontzi berdineko beste bi arrantzale erreskatatu behar izan dituzte ontzi txiki batetik.
Erredakzioa
Itsasoko Salbamenduak arrantzale baten erreskatea koordinatu du gaur gauean, Bizkaiko kostaldean. Hasiera batean, gertu zegoen beste ontzi batek erreskatatu du arrantzalea.
Itsasoko Salbamenduak jakinarazi duenez, gertaera gaueko 01.30ean gertatu da Lucero lurmuturretik hamaika miliara, "Angel Padre" Kantabriako itsasontziko arrantzale bat itsasora erori denean. Arrantzaleak sareak botatzen ari ziren gertaeraren unean.
Gertu zegoen Kantabriako beste itsasontzi batek ("Siempre Deco") uretatik erreskatatu du marinela hasiera batean. Ondoren, Itsasoko Salbamenduko ontzi batera eraman dute arrantzalea.
Halaber, ontzi berdineko beste bi arrantzale erreskatatu behar izan dituzte ontzi txiki batetik. Izan ere, uretara eroritako lankidea salbatzen saiatu ziren.
Hiru arrantzale horietako bi Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte.