Gizartea -

EHU-REN IKERKETA

Gazteen % 24,9 aritu dira ausazko jokoan eta apustuak egiten azken urtean

% 3,2k jokoarekin lotutako arazoren bat dute. Aitzitik, gazteen % 52,2k ez dute inoiz jokatu. Batez beste, astean 13,13 euro gastatzen dute gazteek.

Kasino bateko argazkia
Kasino bateko argazkia
Kasino bateko argazkia

LUZIA ZUGADI | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urteen joanak errotu egin du diru apustuak egitea dakarten ausazko jokoetan aritzeko ohitura. Alabaina, eztabaida soziala piztu duen gai bat ere bada. Jokoari buruz, bi ikuspegi zabaldu dira gizartean: jokoa zerbait negatibotzat hartzen dutenak daude, batetik, eta entretenimendu gisa ikusten dutenak, bestetik. Muturreko bi diskurtso horiek sendotu egin dira azken hamarkadan, online jokoa agertu eta arautu zutenetik.

Otsailaren 17 honetan Joko Arduratsuaren Nazioarteko Eguna dela eta, EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Sailak "Gaztea eta Jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan" ikerketa kaleratu du. Jokoan aritzen diren gazteen testigantzak jaso, eta horien joko-ohiturak aztertu ditu bertan.

Horretarako, 18 eta 30 urte bitarteko 750 pertsona galdekatu dituzte, eta ikerketa horretatik atera duten lehen ondorioa da gazteen % 24,9 ausazko jokoetan edo apustuak egiten aritu direla azken urtean. Bizitzan zehar noizbait jokatu dutenen ehunekoa, berriz, askoz handiagoa da: % 47,5. Dena den, aipatzekoa da gazteen % 52,2 ez direla inoiz apustuetan edo jokoan aritu. Datu hori ez dator bat biztanleria osotasunean hartuta jasotako emaitzarekin.

Joko mota, ohiturak eta jokalarien profilak

Joko motari dagokionez, aurrez aurrekoa da, oraindik ere, indar gehien duena (% 69,1), nahiz eta online jokoa lekua hartzen ari den pixkanaka, bereziki, gazteen artean.

Izan ere, gazteen % 10,1ek aukeratzen dituzte online jokoak, eta % 20,8 batean zein bestean aritzen dira. Halere, aurrez aurrekoa da nagusi oraindik ere, jokalarien ustez, sozializatzeko bide ere badelako edota joko mota horretan konfiantza handiagoa dutelako.

Joko presentziala hautatzen duten gazteek gutxi gorabehera hilean behin jokatzen dute. Maiztasuna handitzen den heinean, pertsonen ehunekoa jaitsi egiten da, online jokoan ez bezala.

Ausazko jokoetan xahututako diru kopuruak ere erakusten du online jokoak diru gehiago mugitzen duela. EAEko gazteek, batez beste, 13,13 euro jokatzen dituzte astean joko presentzialetan, eta 46,6 hilean. Online jokoetan, ostera, 19,72 euro gastatzen dituzte astean, eta 64,66 euro hilean. Alde horien atzean maiztasuna dago. Hau da, horietako batzuek astero jokatzen dute; beste batzuek, ordea, hilero.

Joko motari dagokionez, aukera zabala dago, bai zuzeneko jokoetan eta baita online jokoetan ere. Hala eta guztiz ere, badira erakargarriagoak diren zenbait joko: Loteria Nazionala (% 27,1), kirol-apustuak (% 17,5), kasinoetako jokoak (% 16,9) eta makinak (% 12,1). Horiek dira, hain zuzen ere, gazteen artean arrakasta gehien dutenak. Internet bidezko joko deigarriena kirol-apustuak dira (% 57,9), baina loteria primitiboa (% 9,9) eta kasinoak (% 8,9) ere hautatzen dituzte.

Dirua irabazteko aukerak eramaten ditu gazteak jokatzera. Hamarretik seik, gutxienez, horregatik jokatzen dute. Bestalde, ongi pasatzea, ohitura (loteriaren kasua, adibidez) eta lagunei jarraitzea ere badaude arrazoien artean.

Dibertimendu edo denbora-pasa horrek, baina, atxikimendua sor dezake jokalarien artean. Hala, gazteen % 3,2k jokoarekin lotutako arazoren bat dute. Horietatik % 1,6k arazo arina dute, % 1,1ek neurrizkoa eta % 0,5ek larria. 

Gizonezkoen eta emakumezkoen ohiturak, adina eta ikasketak

Gizonezkoek eta emakumezkoek oso jarrera ezberdina dute jokoan. Hortik atera dute ikerketa honen ondorio garrantzitsuenetako bat: bizitzan zehar jokoan aritu diren gizonezkoen ehunekoa % 60,3koa da; emakumezkoena, aldiz, % 34,4koa. Azken urteko datuei erreparatuta, gizonezkoen % 34,4k eta emakumezkoen % 15,2k jokatu dute.

Adina ere hartu dute kontuan ikerketa honetan. Hiru mailatan sailkatu dituzte gazteak. Lehenengo mailan, 18 eta 22 urte bitartekoak sartu dituzte; bigarrenean, 23 eta 26 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 27 eta 30 urte bitartekoak. Adinak gora egin ahala, jokalarien kopurua hazi egiten da. Lehen mailakoen artean, adibidez, horien % 23,7k jokatzen dute; hirugarren mailakoen artean, berriz, % 31,5ek.

Azkenik, ikasketa maila izan dute aztergai. Besteak beste, ikasten ari direnen eta ikasketak utzita edo bukatuta dituztenen artean egin dute alderaketa. Bigarren mailako ikasketak edo Batxilergoa bukatu duten ikasleen % 37,9k ausazko jokoren batean jokatu edo apusturen bat egin dute 2021ean, eta Lanbide Heziketako zikloren bat egin dutenen % 23,6k eta unibertsitate mailako ikasketak dituztenen % 17,6k ere egin dute.

Lehenengo aldia

Sozializazio prozesuak paper garrantzitsua betetzen du, eta horren adibide da gizartean gaztetatik jokorako zaletasuna zabaldu izana. Askok dute lehenengo esperientzia adingabe direnean; % 31,8k, hain justu. Horien % 90,8k aurrez aurreko jokoren bat hautatu dute lehenengo aldian. Soilik % 9,8k aukeratu dituzte online jokoak.

Familiak ere badu pisua horretan. Adibide garbia da (grafikoan ikus daitekeen bezala) gazteen % 16,8 senitartekoren batekin zeudela lehen aldi hartan.

Horrekin lotuta, hamarretik zortzik onartu dute gurasoek jakin badakitela jokoan aritzen direla, baina azterketa sakona egin ostean, askok gezurra esan dutela jakin dute.

Senideekin izan beharrean, lagunekin zeuden lehen aldiz jokatu zutenean gazteen % 70.

Bestalde, azterketak jakinarazi duenez, gazteen % 95,8k ikusi dituzte ausazko jokoarekin eta apustuekin lotutako iragarkiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Bideo-jokoak Loteria Gazteak