Gizartea -

Indarkeria matxista

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Barakaldon emakume bati sexu erasoa egitea egotzita

Antzeko beste bi erasoren egilea ere bada. Horrez gain, udalerrian azken bi hilabeteetan egindako beste 14 delituzko ekintza egotzi dizkio.

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 34 urteko gizaseme bat atxilotu zuen atzo, asteartea, Barakaldon (Bizkaia) Karmen auzoan otsail hasieran emakume bati egindako sexu erasoaren egile delakoan. Aurrez antzeko beste bi eraso ere egin zituen, baita bestelako delituzko ekintzetan ere.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez, kaletik zihoan emakume bati eraso zion gizonak, ukituak eginda. Aurretik beste bi erasogatik atxilotu zuten agenteek.

Horrez gain, Bizkaiko udalerrian azken bi hilabeteetan egindako beste 14 delituzko ekintzetan nahastuta dagoela uste du Ertzaintzak. Besteak beste, larderiaz egindako hainbat lapurreta leporatu dizkiote. Antza, biktimak "objektu zorrotz batekin edo oihal batekin bildutako kristal batekin" mehatxatzen zituen. Halaber, denda eta tabernetan ebasteagatik ere ikertu dute: janaria lortzeko mehatxu egiten zien jabeei.

Ertzaintzaren arabera, gizon horren jardunak "alarma sozial handia sortu dute barakaldarren artean".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Bizkaia Barakaldo Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Sexu erasoak