Gizartea -

Donostia

Kaleko hainbat altzari txikitu dituzte Urgullen lapurtutako dunper makina batekin

Eserlekuak, paperontziak eta seinaleak txikitu dituzte, baita bakarrik garbitzen den komun publiko bat ere. Guztira, 100.000 euro inguruko kalte materialak eragin dituzte.

Ezezagun batzuek txikizioak eragin dituzte Donostiako Urgull mendian

0:51

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ezezagun talde batek Donostiako Urgull mendiko hainbat eserleku, paperontzi eta seinale txikitu ditu, lapurtutako dunper makina bat erabilita. Guztira, 100.000 euro inguruko kalte materialak eragin dituzte.

PSE-EEko eledun Marisol Garmendiak "burugabe" batzuei egotzi die "bandalismo ekintza" hori, eta Udaltzaingoan salaketa jarri du erasoaren egileak bila ditzaten.

Asteazken arratsaldean, dunper makinarekin lanean ari zen behargin baten arreta bereganatu zuen gazte batek, "han nonbait" harri bat jausi zela esanez. Langilea makinatik jaitsi zenean, beste gazte batek giltza lapurtu zion, eledun sozialistak azaldu duenez.

Ordu batzuk geroago, makina erabilita, altzariak txikitzen aritu ziren, eta dunperrari su eman zioten, Urgullen bertan dauden kanoietatik gertu. Badirudi, dena den, kanoiek ez dutela kalte nabarmenik izan.

Garmendiaren hitzetan, "bandalismo ekintza" horri "erantzun sendo bat" eman behar zaio. Horregatik, erasoaren egileak identifikatzeko itxaropena du, "justiziaren esku utz ditzaten".

Borja Corominas PPko eledunak, bestalde, adierazi du "ondare historikoaren zati bat" suntsitu dutela, baina Eneko Goia alkateak ez duela gertatutakoari buruz txintik esan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak