Gizartea -
KARRANTZAKO KRIMENA
Misael Centenoren hilketarekin lotura izan dezakeen laugarren gizon bat kartzelaratu dute
Abenduan atxilotutako bederazi pertsonetako bat da baina orduan libre utzi zuten. Orain, antza denez, proba berriak agertu dira bere kontra.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iazko azaroan Karrantzan hil zuten Misael Centenoren hilketarekin zerikusia lukeen laugarren pertsona bat espetxera bidali du epaileak.
Segurtasun Departamentuak jakitera eman duenez, abenduan atxilotu zituzten bederatzi pertsonetako bat da. Orduan, hiru lagun bidali zituzten kartzera eta besteei epe zehatz batzuetan epaitegira aurkezteko agindua ezarri zieten.
Antza denez, ikerketaren harira, probak agertu dira orain pertsona horren kontra eta ostiralean Balmasedan atxilotu zuen gizona Ertzaintzak, epaileak aginduta. Ondoren, Basauriko espetxera bidali zuten.
Azaroaren 28an desagertu zen 31 urteko gaztea eta gorpua hiru egunera agertu zen Karrantza ibaian, Kantabriako lurretan.
Biktima duela bi urte iritsi den Nikaraguatik eta Karrantzako baserri batean lan egiten zuen.
Desagerketaren ondoren familiak kontatu zuenez, Misael Centenok liskarra izan zuen taberna batean, beste pertsona baten edalontzia hartu zuelako, nahastuta. Dirudienez, jipoitu eta ibaira bota zuten, baina epaiketan argitu beharko da guztia.