Gizartea -
Iñigo Cabacasen heriotza
Ehunka lagunek elkarrretaratzea egin dute Basaurin, Iñigoren oroimenez
Isilunea eginez eta txaloak joz gogoratu dute Iñigo Cabacas, Basauriko Arizgoiti plazan.
Erredakzioa
Ehunka lagun bildu dira Iñigo Cabacasen senideek eta lagunek elkarretaratzea gaur arratsalderako Basaurin deitu ostean, Ertzaintzaren pilotakada batek hildako gaztearen jaioterrian.
Elkarretaratzea 15 minutukoa izan da eta bertaratutakoak isilik egon dira. Hain zuzen ere, 20:30ean izan da, Arizgoiti plazan, "Iñigo, 'Pitu', beti gurekin. Ez dago eskubiderik" lelopean. Basauriko Udalak bat egin du elkarretaratzearekin, EAJk, PSEk eta PPk adostutako adierazpen batean herritarrei dolu ekitaldiak babestea eskatu eta gero.
Pertsona askok loreak utzi dituzte Basauriko Udalaren aurrean, Iñigo Cabacasen oroimenez. Parte hartzaileen artean, gazte ugari, batzuk beltzez jantzita eta beste batzuk Athleticeko elastikoarekin.
Iñigoren lagunek elkarretaratuen elkartasuna eta laguntza eskertu dute. Isilunea eginez eta txaloak joz gogoratu dute Iñigo Cabacas.
Atzo, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak "barkamena" eskatu zien Iñigoren senideei eta lagunei, eta onartu egin zuen bere "erantzukizun politikoa", baina zehaztu zuen ez duela dimitituko.
Halaber, sailburuak iragarri zuenez, 2013ko urtarrilaren 1etik Ertzaintzaren brigada bereziek baino ezingo dituzte erabili gomazko pilotak, betiere "salbuespen egoera jakin batzuetan".
Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Jose Antonio Varela Ertzaintzako zuzendariak gertatutakoaren bertsio ofiziala eman zuen.
Poliziaburuaren esanetan, Ertzaintza zauritu batzuk sorostera eta "iskanbila" handia zegoelako joan zen Maria Diaz de Haro kalera eta ingurukoetara. Gainera, bertaratutakoan hainbat pertsonak agenteei harriak eta botilak jaurti zizkietela eta pilota tiroak urrunetik egin zituztela esan zuen.
Bertsio hori, baina, ez dator bat lekukoen testigantzekin. Izan ere, ukatu egin dute inguruan "iskanbila handia" zegoela, eta bi pertsonaren arteko borroka isolatu bat baino ez zela jazo azaldu dute. Horrez gain, tiroak hurbiletik eta hormetan edo lurzoruan errebotatzen saiatu gabe egin zituztela, eta Ertzaintza aldez aurretik inolako probokaziorik izan gabe oldartu zela gaineratu dute.
PSE-EEk, PPk eta UPyDk babesa agertu diote Ertzaintzari, eta haren jokabidea justifikatuta zegoela adierazi dute. Aralarrek, EAk eta Ezker Anitzak, aldiz, lekukoen esanak zalantzan ez jartzeko eskatu, eta Poliziaren jokaera "neurrigabea" izan zela salatu dute.
Bestalde, EAJren esanetan, "aspalditik" ari dira kexak jasotzen Ertzaintzak hainbatetan agertutako "gehiegizko bortizkeria" dela eta.
ATHLETICEN ETA PEÑEN OMENALDIAK
Iñigo Cabacas zalea omentzeko, igandean San Mamesen Mallorcaren aurka jokatuko duen partidaren aurretik minutu bateko isilunea egitea erabaki du Athletic Clubek.
Peñek manifestazio isila deitu dute egun horretarako. 16:30ean abiatuko da, Moyua plazatik San Mamesera.
Gainera, estadioaren barruan Athleticen arropa beltzak janzteko eta zati bakoitzaren lehen 9 minutuetan taldea ez animatzeko dei egin dute. Partidaren amaieran, txalo zaparrada egingo dute Iñigoren omenez.