Gizartea -

Tolosako inauteriak

Olatz Peon: "Herriak behar zuelako egin dugu inauteriak ospatzeko apustua"

Tolosako alkatea harro dago, Udaleko langileen eta herritarren lanari esker, hamar egunetan festak antolatzeko gai izan direlako. Beldurrik ez, baina zuhurtzia eta errespetua eskatzen dute inauteriek, Peonen esanetan.

Tolosako alkate Olatz Peon
Tolosako alkate Olatz Peon
Tolosako alkate Olatz Peon

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bigarren urtez inauteriak bertan behera geldituko zirela zirudien arren, pandemiaren bilakaerak hartutako joera positiboa lagun, Tolosak jaiak ospatuko zituela iragarri zuen Udalak duela hamar bat egun. Poza eta algara eragin zituen albisteak tolosarren artean, baina kezka eta presa ere zabaldu zen herrian, sinesgaitza zirudielako hain denbora gutxian inauteriak antola zitezkeenik.

Olatz Peon alkatea bera ere aho bete hortz geratu da herritarrek eta Udaleko langileek emandako erantzunarekin, haien lanari eta konpromisoari esker, egia bihurtu delako "ohiko" ospakizunetara itzultzeko ametsa.

Zaila izan al da pandemiari egokitutako jaiak antolatzea?

Zailtasun handiena denbora falta izan da. Normalean Gabon festen ostean hasten gara antolaketa lanekin, baina oraingo honetan hamar egunetan egin dugu beste urte batzuetan hilabeteetan egiten dugun lan berbera. Horri gehitu behar zaio oraindik ere ez gaudela erabateko normaltasunean, eta, horrenbestez, neurri berezi batzuetara egokitu behar izan garela. Egia da, Eusko Jaurlaritza dela neurri horiek ezartzen dituena, eta, azken finean, gure lana aholku edo murrizketa horiek ahalik eta zorrotzen betetzea dela.

Zein neurri berezi izango dituzte, bada, aurtengo inauteriek?

Jaurlaritzaren neurriak uneoro ditugu mahai gainean. Zenbakien agonian murgilduta gabiltza, 100.000 biztanleko 400 kasutik beherako intzidentzia duten udalerrietan ez baitago neurririk, eta gu gaur-gaurkoz 650 kasu inguruan baikaude. Jende pilaketak saihesteko neurriak dira gehienak. Jakina denez, jendetza dagoen tokietan musukoa erabili beharko dugu, korridoreak ez hartzen saiatu behar gara, kontsumitzeko espazioak mugatuko ditugu (ez da kaleko salmentarik egongo), jarduera gehienak kalean izango dira... Txupinazoa, adibidez, une puntual bat da. Ez dira, inolaz ere, egoera berriak.

Horrez gain, aurten karroza gutxiago aterako dira, eta kale bakarrean (San Frantziskon) bilduko dira. Bestalde, segurtasun kontuengatik, bestelako kanpainak edo neurriak ere baditu martxan Udalak: alkoholaren kontsumoa neurtzeko, indarkeria sexistari aurre egiteko... Kasu horietan ere, lan handia egin dugu oso denbora motzean.

Neurri horien aurrean jendeak ondo erantzungo duela uste duzu?

Hasiera batetik txalotzeko modukoa izan da jendearen erantzuna. Eragileekin elkarlanean erabaki dugu egitarautik zeri eutsi eta zer utzi alde batera. Herriak gauzak ondo egin nahi ditu, hortaz, nork bere bakarrean ere ahalegina egingo du gauzak ondo egiteko.

Zaila da dena aurreikustea. Horregatik, enpatia eskatu nahi diogu jendeari, eta espero dugu erantzun egokia jasotzea. Birusa oraindik kalean dago, ezin dugu ahaztu. Bada egoera beldur pixka batekin ikusten duenik ere. Oreka bilatu beharra dago.

Ostalaritzan kontrol bereziren bat aurreikusi duzue?

Ordutegiak malgutu dira, hau da, jada ez daude mugatuta. Lagungarria izan da murrizketa hori indargabetzea, bestela gazteak plazetan elkartuko liratekeelako. Ostalariekin elkarlanean, talde bat aurreikusi dugu jende pilaketen berri izateko, eta, behar den neurrian, esku hartzeko.

Zuk, pertsonalki, zeren falta izango duzu?

Ez dut ezeren mira izango, alderantziz. Inauteriak bertan behera uztea tokatu zitzaion alkatea naiz, baita festak hamar egunetan antolatzeko gaitasuna izan duen alkatea ere. Ardura ematen dit horrek. Erantzukizun politikoa dugunok ahalik eta erabaki onenak hartzen saiatu behar gara. Inauteriak ospatzeko apustua egin dugu, herriak behar zuelako.

Zergatik geratu dira bertan behera karrozen eta konpartsen lehiaketak?

Prozedura administratibo handia dute atzean, kalean askok ulertzen ez badute ere. Besteak beste, diru publikoaren kudeaketak eta, oro har, prozedura luze horrek denbora behar du, guk ez geneukan zerbait. Hori izan da arrazoi nagusia. 

Jendeak nola lortu du hamar egunetan karrozak prestatzea?

"Topera" lan eginda. Ez dakit aurtengo honek zein punturainoko ikusgarritasuna izango duen, nahiz eta argi dudan irudimen handiko karrozak irtengo direla. Guztiok gaude lanean buru-belarri, "zerbait ederra" ateratzeko.

Alkatea zaren heinean, beldurra sentitzen duzu?

Festa handietan beti dugu kezka, ez dugulako ezer txarrik gertatzea nahi. Dena den, beldurra ez da lagunik onena; bai, ordea, errespetua eta zuhurtzia. Ikarak oztopatu egiten digu gauzak diren bezala ikustea, beraz, ez nioke "beldurra" deituko.

Zein da herritarren eta bisitarien artean zabaldu nahi duzun mezua? (Kontuan izanda bisitariei eskatutakoa, alegia, inauterietan Tolosara ez gerturatzea)

Gehiegizko jende pilaketak ekiditeko, etxean geratzeko esfortzua egin zezatela eskatu genien kanpotik etorri ohi direnei. Aurten bakoitzak bere jaiak ospatu behar ditu, aurrerantzean izango dugu elkartzeko beta. Mezu horiek beti dira gogorrak alkatearentzat. Erakunde guztiek egiten dugu esfortzua jaiak aurrera atera daitezen, eta diru publiko asko gastatzen dugu bisitariak erakartzeko. Aldiz, kontrako mezua zabaltzen gabiltza aurten. Bereziki, errespetua jaso nahi dugu haiengandik, elkar zaintzea, elkarbizitza bermatzea.

Halaber, herritarrei eta Udaleko langileei eskerrak eman nahi dizkiet emandako erantzunagatik eta egindako beharragatik. Guztiona den jai bat da, eta guztiontzat prestatutakoa izan behar da.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Tolosa azken orduko albisteak Inauteriak Bilbo Gizartea Elkarrizketak kultura arloko pertsonei Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea COVID fokuak