Gizartea -
Botswanan istripu bat izan du
Erregeak lau edo bost egun emango ditu ospitalean
Erregea Botswanan erori egin da, bidaia pribatu batean, eta egin dioten ebakuntzan aldakan protesi bat jarri diote. Hemendik hamar egunetara jarriko da berriro lanean.
Erredakzioa
Erregeak "lau edo bost egun" emango ditu ospitaleratuta eta hemendik 10 egunetara ekingo dio berriro agenda ofizialara, Angel Villamor medikuak jakinarazi duenez. Erregeari ebakuntza egin diote goizaldean, eskuinaldeko aldaka hiru zatitan hautsi eta gero, Botswanan, bidaia pribatu batean, Erregearen Etxeak ohar batean jakinarazi duenez.
Ebakuntza Madrileko San Jose ospitalean egin diote. Aldakaren haustura artikulazio horretan duen artrosiari lotuta dago. Ondorioz, aldakan protesi bat jarri diote.
Erregea bart iritsi da San Jose ospitalera eta Angel Villamor medikuak egin dio ebakuntza, aldez aurretik, eskuineko belaunean beste protesi bat ezarri zion mediku berak.
Bitartean, erregina Grezian dago bere familiarekin Ortodoxoen pazko astea ospatzen eta Espainiara astelehenean iritsiko omen da.
Botswana, ehiztarien paradisua
Botswana paradisua da ehiza larri zaleentzat, luxuzko safariak eskaintzen baitituzte eta 37.000 euroren truke elefanteak ehizatzeko baimena eskuratu daiteke. Juan Carlos erregea ehizan egon da aste honetan Botswanan, luxuzko kanpamentu batean.
Erreakzio politikoak
Hainbat alderdi politikoek Erregearen istripuari egin diote aipamena. Ezker Anitza-IUk eta Ezker Batua Berdeak, besteak beste, Erregea "behin betikoz joan dezala" eskatu dute.
Halaber, Iñaki Anasagasti EAJko senatariak adierazi duenez, Erregeak Botswanan izandako istripuak "barra-barra xahutzen duen erakunde ilun eta zahar bat" utzi du agerian. Anasagastik krisi garaian "bidaietan arin xahutu izana" kritikatu du."Osasun gaitzak eta egoera familiarra ikusita, zergaitik ez du Errepublikaren Eguna aprobetxatzen eta abdikatzen du?", gaineratu du.