Gizartea -
Lehiakortasun Plana
Atzerrira joateko 500 beka, Jaurlaritza eta Kutxabanken eskutik
Beka horien helburu nagusiak bi dira: batetik, euskal ekonomia nazioartekotzea eta, bestetik, euskal gazteen lan-etorkizuna bideratzea.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek akordio bat sinatu dute astelehen honetan nazioartekotzea bultzatzeko eta Euskadin bizi diren 500 gazteren lan-etorkizuna bideratzeko helburuarekin atzerrian praktikak eginez. BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren gizarte ekintzako sailek batera sustatzen duten lehenengo gizarte ekimena da hau.
Hiru aurrezki kutxen presidente Mario Fernandezek (BBK), Xabier Iturbek (Kutxa) eta Carlos Zapaterok (Vital Kutxa) Jaurlaritzaren programari atxikitzeko hitzarmena sinatu dute Gasteizen, eta aurten guztira 500 beka eskainiko dituzte atzerrian praktikak egiteko.
Ekitaldian Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Unda ere izan da, eta euskal enpresa-sareari laguntzen dion SPRI sozietate publikoaren presidente den aldetik, berak ere sinatu du. Undarekin batera, Berrikuntza eta Teknologia sailburuorde Juan Goikoleak ere parte hartu du ekitaldian.
500 beka horiek 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planean Ekonomia Irekia lortzeko ekimenen barruan txertatzen dira, lehentasunezko ardatzetako bat horixe baita eta nazioartekotzeak garrantzi oso handia du. Ildo horretan, Jaurlaritzak nazioartekotzeko 32 beka eskaini zituen 2009an eta aurten 500 eskainiko ditu.
Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 7,5 milioi euro bideratuko ditu 500 beka horietara -hiru urtekotan banatuta-, eta Kutxabank osatzen duten hiru aurrezki kutxek 1,5 milioi euro jarriko dituzte.
BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren gizarte ekintzek batera sustatzen dute ekimen hori eta euren lehentasunetako bat gazteen langabeziari aurre egitea da, dela ekintzailetzari lagunduta, dela kalitatezko prestakuntzarako sarbide unibertsala sustatzen duten mekanismoen bitartez.
Hori dela eta, hiru erakundeak hamarkada bat baino gehiago daramate lanik gabe dauden gazte tituludunak laneratzera bideratutako beka-programak antolatzen; horri esker, gazteek lan-esperientzia lortzen dute prestakuntza-praktika ordainduak eginez. 2011. urtean, BBK, Kutxa eta Vital Kutxak 2.100 plaza baino gehiago eskaini zizkieten EAEko gazteei hainbat beka-programatan. Bekak bi motakoak izango dira. Alde batetik, betiko Nazioartekotzeko Bekak daude, unibertsitateko lizentziadunei zuzenduta; iaz bete ziren 25 urte beka-programa hori martxan jarri zenetik.
Programa horretan parte hartu nahi duten gazteek, besteak beste, honako baldintza hauek bete behar dituzte: 28 urte baino gutxiago izatea, ingelesez ongi moldatzea eta administrazio-egoitza Euskadin izatea gutxienez 12 hilabetez.
Bestalde, Jaurlaritzak 'Global Training' izeneko 400 beka eskainiko ditu. Beka berriak dira, eta ehun bat beka hiru aurrezki kutxen bitartez finantzatuko dira, gaur sinatu duten hitzarmenaren arabera. Gainerako 300 bekak Jaurlaritzak berak ordainduko ditu.