Gizartea -
Sexu abusuak
Artolazabalek Elizari eskatu dio "dagokion erantzukizuna" bere egiteko, "errugabeek ordain ez dezaten"
Ildo horretan, "oso zaurgarriak diren adingabeek" jasan zituzten sexu abusuak eta eskubide urraketak "irmoki" gaitzetsi ditu.
AGENTZIAK | EITB Media
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Elizari eskatu dio erakunde barruan izan diren sexu abusuengatik dagokion "erantzukizuna" bere gain har dezala, eta ohartarazi du gertatutakoa ezin dutela "errugabeek ordaindu".
Radio Popular irrati katean egin dioten elkarrizketan, azken hilabeteotan sexu abusuen gainean EAEko Elizan irekitako ikerketez mintzatu da.
Ildo horretan, "oso zaurgarriak diren adingabeek" jasan zituzten sexu abusuak eta eskubide urraketak "irmoki" gaitzetsi ditu. Haren iritziz, biktimek "gertutasuna" nahi dute, norbaitek entzutea, gizarteak egia jakitea eta, azkenik, legeak babestea".
"Abusu horiek berriro errepika ez daitezen, salatu egin behar dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritza eta Ertzaintza elkarlanean ari dira, salaketa horiei bide eman ahal izateko. Gainera, Justizia arloko Departamentuan zerbitzu berezia dute biktimen arretarako", esan du.
Modu horretan, biktima sentitzen diren pertsona guztiei salaketa jartzeko eta Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen zerbitzuez baliatzeko gomendatu die, "entzunak eta bideratuak" izan daitezen.
Halaber, azpimarratu du Ertzaintzari laguntzeko prest agertu dela Eliza hasieratik. "Horregatik sortu dituzte kasuak aztertzeko batzordeak, adibidez", adierazi du.