Gizartea -
Buenos Aires
'Barra brava' batek Jon Sistiaga kazetaria jipoitu du Argentinan
Kazetari irundarra 'barras bravas' izeneko futbolzale ultrei buruzko dokumental bat grabatzen ari zen, "Poliziaren ikuspuntutik", Independiente eta Racing Avellanedaren arteko derbian.
Erredakzioa
Ultra batek Jon Sistiaga kazetari irundarra eta kameralari bat jipoitu zituen pasa den larunbatean Argentinan, Canal+-entzat ‘barras bravas’ izeneko futbolzale ultrei buruzko dokumental bat grabatzen ari zirenean, Independiente eta Racing Avellanedaren arteko derbian.
Kazetariak Clarin egunkariari azaldu dionez, bere talde osoa Avellanedara joan zen, Buenos Aires probintziara, 'barras bravas'ei buruzko dokumental bat grabatzera “Poliziaren ikuspuntutik, polizien laguntzarekin”.
“4. atetik sartu ginen, astapotro bat (Independiente taldekoa) etorri zen eta kamara itzaltzeko esan zigun, kamera hautsi zigun eta mikrofonoa lapurtu”, adierazi du Sistiagak.
Nola jipoitu zuten ere azaldu du kazetariak: “Komisario batek atera zuen kameralaria handik eta ni poliziaburu batekin geratu nintzen. Ultra niregana etorri zen, muturreko bat eman zidan eta lagunei niri jotzeko esan zien. Momentu batean pentsatu nuen ez nintzela handik aterako”.
Hala ere, Sistiagak esan du bere lanbidearen ondorioak direla, eta gertakaria salatu besterik ez duela egin berriro gertatu ez dadin. Gainera, eskerrak eman dizkio Javier Cantero Independiente taldeko presidenteari, gertatutakoa jakin zuenean "barkamena" eskatu baitzien.