Gizartea -
Eguraldiaren iragarpena
Euriak atseden bat emango digu baina tenperaturak behera egingo du
Giro lehorrari eutsiko diogu astearen hasieran baina laster eguraldia okertuko da eta astelehen arratsalde aldera prezipitazioak izango ditugu bueltan.
Erredakzioa
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, igandean tenperaturak behera egingo du, baina euria urria izango da. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta honek eragin handia izango du tenperaturan; altuenak 12-14 ºC-ren bueltan geratuko dira. Zeruan hodeiak eta oskarbiguneak tartekatuko dira; noizbehinka hodeiak pilatuko dira eta zirimiria ekarriko dute lurraldeko zenbait tokira.
Astelehen eguerditik aurrera fronte bat lurraldetik pasako da. Haizea bizi-bizia izango da; hasieran hego-mendebaldetik joko du eta horregatik goizaldean eta goizean goiz ateri egongo da eta ostarteak zabalduko dira. Eguerditik aurrera haizea ipar-mendebaldera aldatu eta hodeiek zerua estaliko dute; orduan hasiko da euria egiten, kantauri isurialdean ugariago. Goizean termometroa 16-17 ºC ingururaino igoko da, baina arratsaldean behera egingo du iparraldeko haizearen eraginpean.
Asteartean tenperaturak behera egingo du berriro eta zaparradak botatzen jarraituko du. Egunaren lehenengo partean mendebal/ipar-mendebaldeko haize oso zakarra ibiltzea espero da. Giro iluna eta euritsua edukiko dugu orduan. Arratsaldean hobetzera egingo du, haizea ahulago ibiliko da eta atertuz joango da, noizbehinka zaparrada txikiak bota ditzakeen arren. Tenperatura jaitsi eta maximoak 12-13 ºC inguruan geldituko dira. Barnealdeko zenbait tokitan izotza egin dezake goizaldean. Elur-kota 1200-1400 metrora kokatuko da.
Abisuei dagokionez, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du izotzagatik eta itsasaldeko arriskuagatik. Azken abisu hau asteartera arte luzatuko dute.