Gizartea -
GERRA UKRAINAN
200 adingabe Txernobyldik atera eta EAEra ekartzeko korridore humanitario bat berehala sortzeko eskatu dute
Berriz ere gerrak gogor astindutako eremu horretatik gazteak lehenbailehen ateratzeko eskaria egin dute umeei harrera egiteko lau elkartek, Jaurlaritzarekin batera; izan ere, Beatriz Artolazabal sailburuaren esanetan, gazte horiek "gure herriaren zati dira".
EITB MEDIA
Txernobylgo haurren egoerari buruzko kezka nabarmena da Euskal Herrian. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta Euskadin lan egiten duten Txernobylgo haurren harrerarako lau elkartek eskaera bat bidali diote Espainiako Gobernuari, harrerako euskal familiek erreklamatutako adingabeak eremutik ateratzea ahalbidetuko duen korridore humanitario bat sortzeko laguntza eman dezaten.
Beatriz Artolazabal Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak agerraldia egin du, gaur goizean, Txernobylgo umeak, Txernobyl Elkartea, Txernobylen Lagunak eta Ukrania Gaztea elkarteetako ordezkariekin batera. "Badakigu, elkarteek jakinarazten digutenaren arabera, haien egoera jasanezina dela", adierazi du sailburuak. "EAEko familiek adingabe horiek hazten ikusi dituzte, eta senitartekotzat dituzte", gaineratu du sailburuak.
Horregatik, 200 adingabe baino gehiago bertatik atera nahi dituztela nabarmendu du Artolazabelek, "gure harrerako seme-alaba diren gazteak"; izan ere, "gure herriaren zati dira". Eskaera, Espainiako Gobernuari zuzendu zaio eta Iñigo Urkullu Lehendakariaren beraren izenpekoa du.
Elkarteen arabera, helburua umeekin elkartzea da, bai eta haien neba-arrebekin eta familiekin ere. Hala, Txernobylgo bazterketa-eremutik hurbil dauden herrietan bizi diren umeei urteak harrera egiten daramatzaten EAEko lau erakundeek, jasaten ari diren muturreko egoera kontutan hartuta, Eusko Jaurlaritzarekin batera korridore humanitario bat "berehala" irekitzeko eskatu dute.
Horrekin batera, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, herritarrei eskerrak eman ondotik, gogorarazi du, herritarren elkartasun-seinale guztiak Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak gaitutako eta Zehar Errefuxiatuekin elkarteak horretarako kudeatutako buzoiaren bidez (errefuxiatuak@euskadi.eus) eta Gurutze Gorriaren telefonoaren (945 222 222) bidez antolatzeko. "Elkartasun hori bideratzen jarraitu behar da, eta antolatzen, eraginkorra izan dadin; izan ere, borondaterik onenak eragin kaltegarriak ekar ditzake", esan du sailburuak.
Martxoaren 13ko datuen arabera, EAEn Ukrainatik etorritako 262 pertsonari ematen ari zaie arreta, baina une oro ari dira datuok aldatzen. Atzo bertan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak jakinarazi zuen une honetan Ukraniatik iritsi diren 35 haur daude EAEko eskoletan. Azaldu zuenez, ikasgeletan integratu aurretik, laguntza psikologikoa zein beste laguntza mota batzuk eskaintzen zaizkie haur horiei, "gainerako ikasleekin ahalik eta ondoen integratu ahal izateko".