Gizartea -
Gertaera surrealista
Drogatuta gidatzen zihoan arabar batek atzeman dutenean: "Menda Lerenda Errepublikako diplomatikoa naiz"
28 urteko gizonezkoa, Lantziegoko bizilaguna. Logroñon gelditu du Guardia Zibilak, telefonoz hizketan zihoala sigi-saga gidatzeagatik; positibo eman du drogetan eta gidatzen zuen autoak iraungita zuen IAT-a. Zigorra: 2.001 euro eta karneteko bederatzi puntu.
O.P. | Eitb Media
Badira komedia batetik ateratakoak diruditen gertaerak, horren adibide litzateke honako istorioa, protagonistaren egoerak berarekin zekarren arriskuagatik ez balitz.
Istorioa honakoa da. Logroñoko Guardia Zibilak gazte arabar bati isuna jarri dio drogatuta gidatzeagatik, eta 'Menda Lerenda Errepublika Ibiltariko'-a dela dioen NAN eta gidabaimen faltsuak aurkezteagatik; hango diplomatikoa omen.
28 urteko gizonezkoa, Lantziegoko bizilaguna, geldiarazi egin zuen Guardia Zibilak, telefonoz hizketan zihoan bitartean sigi-saga eginez gidatzen zihoalako.
Gelditu eta dokumentazioa eskatu ziotenean, gizona irainka hasi zitzaien agenteei eta hara non esan zuen 'Menda Lerenda Errepublika ibiltariko' diplomatikoa zela.
Behin eta berriz dokumentazio erreala erakusteko eskatuta, kasurik ez zien egin gizonezkoak; ez hori bakarrik, biraoka jarraitu zuen eta immunitatea zuela azpimarratu, aipatutako errepublikako diplomaziako kide zen heinean.
Azkenean, identifikatzea lortu zutenean, droga detektatzeko proba egin zioten gizonezkoari. Emaitza: positiboa THCn. Marihuana magdalenak jan zituela aitortu zuen orduan gazteak.
Hori guztia nahikoa ez, eta hara pastelaren ginda: gidatzen zuen autoak iraungita zuen IATa.
Gauzak hala, lau salaketa akta zabaldu zituen Guardia Zibilak gaztearen kontra, denera 2.001 euroko isuna ordaindu beharko du eta 9 puntu kenduko dizkiote gida-baimenetik.
Salaketak, zehazki, honako hauek dira: agintaritzari desobeditzea eta aurre egitea, autoritateak eskatuta identifikatzeari uko egitea eta identifikazio-prozesuetan datu faltsuak edo okerrak ematea (horrek 601 euroko isuna dakar).
Halaber, gorputzean drogak izanda ibilgailu motorduna gidatzeagatik (1.000 euro eta 6 puntu), telefono mugikorra erabili bitartean gidatzeagatik (200 euro eta 3 puntu) eta IAT iraungita izateagatik (200 euro).
Gertatu zitezkeenak aintzat hartuta, gaitzerdi.