Gizartea -

BIZKAIA

20 eta 18 urteko espetxe-zigorrak ezarri dizkiete San Frantzisko auzoko hilketagatik akusatutako aita-semeei

Zinpeko epaimahaiak errudun jo zituen Bilboko San Frantzisko auzoan gizon bat hiltzeagatik akusatutako bi aita-semeak. Aitari hilketa egotzi zioten eta semeari hilketa-saiakera.

Bi zigortuak hilketaren egunean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Bi zigortuak hilketaren egunean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.
Bi zigortuak hilketaren egunean. EiTB Mediako bideo batetik ateratako irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaileak 20 urteko espetxe-zigorra ezarri dio aitari bi hilketengatik, horietako bat hilketa saiakera, eta 18 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia semeari, EiTB Mediak jasotako epaiaren arabera. Zinpeko epaimahaiak errudun jo zituen Bilboko San Frantzisko auzoan gizon bat hiltzeagatik akusatutako bi aita-semeak. Aitari hilketa egotzi zioten eta semeari hilketa-saiakera. Gertakariak 2019an jazo ziren. Zabala kalean gizon bat hil zuten tiroz.

Gainera, zigortuek biktimen senideengana hurbiltzeko debekua izango dute 26 urtez, 300 metro baino gutxiagora.

Bi zigortuek hildakoaren alargunari 100.00 euroko kalte-ordaina eman beharko diote, 70.000 eurokoa seme-alaba bakoitzari eta 15.000 eurokoa biktimaren anaiari. Era berean, azken horri 210 euro pagatu beharko dizkiote eragindako zauriengatik.

Bestalde, zigortuek Estatuari 25.816 euro itzuli beharko dizkiote.

Aringarritzat onartu zituzten bi auzipetuek alterazio psikiko arina dutela, baita Poliziarekin kolaboratu zutela eta atxilotzerakoan agenteei aurre egin ez izana ere.  

Epaiketa bi astez luzatu zen Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Bi akusatu nagusiez gain, familia bereko beste hiru pertsona egon dira auzipetuta, mehatxu delituak eta konplize izatea egotzita.  

Horietako bat mehatxuak egiteagatik errudun jo zuten, baina beste bien kasuan ez zuten frogatu akusatuaren konplize izan zirenik. Aurrenekoari egunean zortzi euroko isuna jarri diote hiru hilabetez, eta azken biak absolbitu dituzte.

Aldeek hamar eguneko epea dute helegitea aurkezteko Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren aurrean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak Epaiketak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak