Gizartea -

ukrainako gerra

Ukrainako inbasioaren aurka atera dira Bilbon, "sekula etsiko ez duen herrialde askea" babesteko

Ehunka pertsona atera dira igande honetan Bizkaiko hiriburuan egindako manifestazioan. Ukraina-Euskadi elkarteak deitu du martxa, eta bertan izan dira, besteak beste, tokiko zenbait ordezkari politiko.

Ukrainaren aldeko manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Ukrainaren aldeko manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Ukrainaren aldeko manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EITB Media

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka pertsona atera dira kalera igande honetan Bilbon, Ukrainako inbasioa gaitzesteko. Nabarmendu dute "herrialde aske eta baketsua" dela, eta bertako herritarrek ez dutela etsiko.

Ukraina-Euskadi garapenerako lankidetzarako elkarte soziokulturalak antolatu du martxa. Jesusen Bihotza plazatik abiatu da 12:30ak aldera eta, hiriko erdigunetik ibilbidea egin ondoren, Udaletxe aurrean amaitu da.

Besteak beste, bertan izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Itxaso Atutxa EAJren EBBko presidentea, Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkidea eta Jon Iñarritu talde bereko diputatua.

Ukrainako bandera ugari eta kartelak ikusi ahal izan dira martxan, askotariko leloak zeramatzatenak; 'Babestu Ukrainako zerua', 'Gerrari ez' edo 'Europak Ukrainari entzuten dio', tartean.

Protesta hasi aurretik, Oksana Demyanovych Ukraina-Euskadi elkarteko presidenteak euskaldunen, boluntarioen, Eusko Jaurlaritzaren eta GKEen babesa eskertu du.

"Manifestazio hau elkartasun adierazpen bat da Ukrainako herriarekiko, eta hori da behar duten funtsezkoena, haiekin gaudela jakitea", adierazi du, eta gaineratu du Ukraina "herrialde askea" izango dela, "bere subiranotasuna defendatuta".

Nabarmendu duenez, "sekula etsiko ez duen herria" da ukrainarra, eta laguntza eskatu du Euskadira iristen diren errefuxiatuentzat.

Halaber, Ukrainako zerua ixteko eskatu du, "ukrainar herriaren genozidioa" eteteko. "Herrialde baketsua gara, gure lurraldea defendatzen ari gara, besterik ez", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Euskal hiriburuak Ukraina albisteak Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE Errusia berriak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Manifestazioak Errusia-Ukraina gerra