Gizartea -
Koronabirusa
Tolosa, 1.000tik gorako intzidentzia-metatua duen udalerri handi bakarra
Hala ere, beherako bidean dago datua, baita Gipuzkoa osoan ere. Lurralde horretan 1etik behera dago R0 zenbakia, beste bietan ez bezala.
M. D. | EITB Media
Tolosako intzidentzia-metatuak oso altua izaten jarraitzen du, eta 1.000tik gora dagoen bakarra da 5.000 biztanletik gorako udalerrien artean. 100.000 biztanleko 1.340 kasu ditu Tolosak.
Hala ere, beherako joera du Tolosako intzidentziak. 1634 kasukoa izatera heldu zen aurreko astean, eta egun gutxian 300 puntu jaitsi da.
Zizurkil ez dago udalerri handien zerrendan, 5.000tik behera biztanle ditu eta, baina 3.000 baino gehiago izanda, esanguratsua da. Tolosaldeko herri honetan ere 1.000tik gorakoa da intzidentzia: 1.186. 4.000tik gora biztanle dituen Ibarran 975 kasukoa da intzidentzia.
Azpeitian, gainontzeko udalerri handietan ez bezala, gorako joera du intzidentzia metatuak. 709 kasukoa da. Donostia hiriburuan 586koa da.
Gipuzkoan, urtarrilaren 11n goia jo ostean (7558 kasu 100.000 biztanleko), intzidentzia-metatua jaisten hasi zen. Martxoaren 13n 528ko intzidentzia erregistratu zen, azkenaldiko daturik onena, eta igotzen hasi zen berriro. Orain, ordea, lurraldeko intzidentzia metatua berriro jaisten hasi da.
Izan ere, momentu honetan intzidentzia altuena duen lurraldea izaten jarraitzen du Gipuzkoak, baina baita jaisten ari den bakarra ere. 100.000 biztanleko 536 kasu ditu Gipuzkoak.
Gipuzkoan 1etik behera dago R0 zenbakia (0,97), hau da, birusaren erreprodukzio indizea, Araban (1,09) eta Bizkaian (1,08) ez bezala.