Gizartea -

Hezkuntza

Bertan behera utzi dute martxoaren 25erako Hezkuntza sektorean deitutako greba

Joan den ostiralean, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk hezkuntza lege berriaren oinarriak adostu zituzten. Akordio horren ondotik erabaki dute sindikatuek greba-deialdia atzera botatzea.

Hezkuntzako sindikatuek Legebiltzarraren aurrean egindako protesta bat. Argazkia: EFE
Hezkuntzako sindikatuek Legebiltzarraren aurrean egindako protesta bat. Argazkia: EFE
Greba bertan behera utzi arren, Hentuntza Legea baldintzatzeko prest daude sindikatuak

1:11

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sindikatuek bertan behera utzi dute datorren ostiralerako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza sektorean deitu zuten greba.

Joan den ostiralean, EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk eta PSE-EEk hezkuntza lege berriaren oinarriak adostu zituzten Legebiltzarrean. Itun horren harira, sindikatuek bilera egin dute gaur arratsaldean eta ostiraleko lanuztea atzera botatzea erabaki dute.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak adierazi du greba-deialdia atzeratzea erabaki dutela, lau talde politikoen artean egindako akordioan hainbat "gabezia eta zehaztapen falta" antzeman dituzten arren.  

"Akordio horrek eragin duen nahasmenarekin ez dago baldintzarik datorren ostiralean grebara jotzeko", azaldu du.

Hala ere, Zubizarretak azpimarratu du gainerako sindikatuekin batera beste mota bateko mobilizazioak egitea aztertuko dutela eta zehaztu du ez dutela baztertzen lanuztea aurrerago egitea.

CCOO sindikatuak uste du Legebiltzarrean lortu duten akordio zabalarekin greba-deialdiari eusteak ez duela zentzurik.

"Hasierako dokumentua oso txarra zen, eta oraindik dokumentu berria publiko egin ez badute ere, badakigu aldaketak egin dituztela, hezkuntza publikoaren aldeko apustua egiten dela, baliabideak gehituz, eta segregazioa kontrolatzeko neurri eta konpromiso zehatzak hartu direla", azaldu du ohar batean.  

Edonola ere, CCOOk nabarmendu du sindikatuak alderdi politikoen gainean egongo direla, "lege berriaren lanketan eragiteko".

Steilas sindikatuak, berriz, "borrokan segitzeko unea" dela iritzi dio, baina aitortu du sindikatuen artean ez dagoela batasun nahikorik ostiraleko grebari eusteko.

"Alderdi politikoek egin duten akordioaren edukia ez dugu ezagutzen, baina zabaldu den informazioaren arabera, hainbat kontraesan daude eta hezkuntza publikoa defendatu gabe jarraitzen dute", kritika du ohar batean.

LAB sindikatuak ere adierazi du langileak grebara deitzeko baldintzarik ez dagoela une honetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza legea Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak