Gizartea -
Trafikoa
12 lagun hil dira EAEko errepideetan urteko lehen hiru hilabeteetan
Iaz baino 8 gutxiago dira.
Erredakzioa
Urtarrila eta martxoa bitartean 12 lagun hil dira EAEko errepideetan, iaz baino zortzi pertsona gutxiago.
Datu positiboak dira, nahiz eta aste beltzaren ostean heldu diren. Izan ere, zazpi egunetan hiru lagun hil dira gure bideetan, trafiko istripuetan.
Arau hausteei begiratuta, Ertzaintzak 900 salaketa gehiago jarri ditu 2012ko lehen hiru hilabeteetan.
Gehien hazi diren salaketak abiadura gehiegi eramatearekin lotuta daude. Jaitsi egin dira, aldiz, uhala edo kaskoa ez jartzeagatik jasotakoak.
Alkohola edo beste substantzia batzuk hartzeagatik jarritako salaketek ere behera egin dute: ia 1.000 izan ziren 2011ko lehen hiru hilabeteetan, eta ez dira 800ra iritsi 2012an. Alkoholemia kontroletan ere positibo gutxiago egon dira.
Trafiko arduradunen esanetan, gidariak inplikatu egin dira bide segurtasun kontuetan, baina ez dugu lasaitu behar. Errepidean abiadura eta arauak errespetatu egin behar direla ekarri dute gogora.