Gizartea -

EPAIKETA

Cabezudoren etxea soilik miatu zuten ertzainek, eta ez, aurreikusita zegoen moduan, argazkilariaren estudioa

Miaketan parte hartu zuten bi ertzainen arabera, akusatuak lokala hutsik zegoela azaldu zien. Hala, jarduketan parte hartzen ari zen Justizia Administrazioaren abokatua Instrukzioko Epaitegiarekin harremanetan jarri ondoren, ez zen lokalean aurreikusitako erregistroa egin.

Epaiketaren lehen eguneko irudi bat
Epaiketaren lehen eguneko irudi bat
Epaiketaren lehen eguneko irudi bat

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014an Kote Cabezudoren etxebizitza miatu zuten bi ertzainek asteazken honetan ziurtatu dutenez, operatibo horretan bertan argazkilariaren estudioa ere ikuskatzea zegoen aurreikusita, baina, azkenean, eginbide hori ez zen gauzatu, akusatuak lokala hutsik zegoela esan ostean.

Kote Cabezudo argazkilari donostiarraren aurkako auziaren hamargarren egunean perituak hasi dira deklaratzen. Ikerketan parte hartu duten bi ertzainek lekukotza eman dute, eta ateak irekita egin da gaurko auzia, Donostiako Lurralde Auzitegian. 10:00etan sexu-abusuak salatu dituzten azken hiru biktimak deklaratu dute, eta, ondoren, ikerketan parte hartu duten lehen ertzainen txanda izan da.

Bi poliziek gogorarazi dute 2014ko uztailaren 30ean Cabezudoren Donostiako erdiguneko etxera joan zirela etxebizitza miatzera, eta bertatik hiru disko gogor baino ez zituztela eraman. Akusatuak miaketan parte hartu zuela azaldu dute, baina lanerako erabiltzen zuen lokala ere ikuskatu behar zutela esan ziotenean, dagoeneko ez zuela erabiltzen esan zien. Dena dela, ertzainek ez dute gogoratu "abandonatuta", "alokatuta" edo "hutsik" zegoelako izan ote zen.

Hala, azaldu dutenez, jarduketan parte hartzen ari zen Justizia Administrazioaren abokatua Instrukzioko Epaitegiarekin harremanetan jarri zen, eta, ondoren, ez zen lokalean aurreikusitako erregistroa egin.

Horietako batek adierazi duenez, material informatikoa ari ziren bilatzen, eta "ordenagailu-pantaila bat eta bizpahiru disko gogor" aurkitu zituzten. Gaineratu du ez zutela ordenagailu-dorrerik ikusi. Bigarren agentearen arabera, "datuak gordetzeko balio zezakeela uste genuen guztia eraman genuen etxetik", hau da, "hiru disko gogor". Biak bat etorri dira miaketa inolako gorabeherarik gabe egin zela eta akusatuak bilaketa egiten lagundu zuela esaterakoan.

Epaiketak ostegun honetan jarraituko du, 09:30ean, lekuko berriekin, eta, hasiera batean, ateak irekita izatea aurreikusten da.

Fiskaltzak 121 urteko kartzela-zigorra eskatu du akusatuarentzat, 32 delitu egotzita; haur-pornografia, sexu-abusua eta iruzurra, besteak beste. Akusazio partikularrak, baina, 2.400 urteko zigorra eskatu du. 74 urteko argazkilari donostiarrak bere aurkako salaketa guztiak ukatu ditu, eta modeloek ez zutela nahi ez zuten ezer egin azaldu du bere deklarazioan. 

Dagoeneko 10 modelotik gora deklaratu dute epaiketan, eta horietako batzuek jasandako sexu-abusuak deskribatu dituzte. Gogorrena argazkilariari 150 bortxaketa egitea leporatu dion emakumearena da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Ertzaintza Gipuzkoa Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Mundu matxista Sexu erasoak