Gizartea -
Emakumeen kontrako indarkeria
50 urtez emazteari tratu txarrak ematea egotzita atxilotu dute Bilbon
Ertzaintzaren agenteek beste bi gizonezko atxilotu dituzte Bizkaian tratu txarrak eta etxeko indarkeria delituak egotzita.
Erredakzioa
Ertzaintzak 81 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon emazteari mehatxu egitea leporatuta. Biktimak ezkondu zenetik, 50 urtez, tratu txarrak pairatu izana salatu du.
Herrizaingo Sailak ohar batean jakinarazi duenez, gizona astelehen arratsaldean atxilotu zuten, ustez emaztea jo eta gero.
Emakumeak telefono bidezko arreta zerbitzuari esker salatu zuen erasoa eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen.
Azken orduetan Ertzaintzaren agenteek beste gizonezko bat atxilotu dute Bilbon, horri ere indarkeria matxista delitua egotzita.
Atxiloketa auerdian jazo da, 41 urteko gizon bat atzeman dute agenteek neska laguna jo eta mehatxuak egin izana leporatuta. Erasoa biek elkarbanatzen duten Bilboko etxebizitza batean jazo zen, biktimaren alaba adingabearen aurrean.
Emakumeak etxebizitzatik ihes egin behar izan zuen, besoetan eta aurpegian kolpeak jasan baitzituen. Antza denez, aurretik beste behin jaso du bikotekidearen erasoa.
Horrez gain, Ertzaintzak 26 urteko gizonezko bat atxilotu du Santurtzin liskar bat izan ondoren, aizto batekin bere amaren bikotekideari eraso egitea leporatuta.
Gizonak ebaki batzuk jasan ditu bularraldean eta esku batean. Ustezko erasotzaileari etxeko indarkeria delitua egotzi diote.