Gizartea -

Sustapen Ministerioa

Gobernuak 'ahalik eta lasterren' bukatuko du Euskadiko AHTa

Ana Pastor Sustapen ministroaren hitzetan, AHTren iparraldeko zatiak "lehentasuna" izango du.

Ana Pastor Sustapen ministroa. Argazkia: EFE.
Zornotza-Lemoa-Galdako arteko AHTren obretan izan da Ana Pastor

02:17

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Euskadiko Abiadura Handiko Trenaren lanen "erritmoa" mantendu egingo duela adierazi du gaur Ana Pastor Sustapen ministroak. Bere hitzetan, lanak "ahalik eta lasterren" amaitzea da Gobernuaren helburu nagusia, baina ez du datarik aurreratu nahi izan.

Ana Pastor Zornotza eta Lemoa arteko AHTren obretan izan da gaur goizean. Falta diren zatiekin "aurrera" jarraituko dutela azpimarratu du, eta lizitazioak "ahalik eta lasterren" egingo dituztela berretsi du.

Ana Pastor Sustapen ministroaren hitzetan, AHTren iparraldeko zatiak "lehentasuna" izango du. "Euskadiko garapen sozioekonomikoa garatzeko tresna garrantzitsua izango da, baita inbertsio berriak lortzeko ere", adierazi du. Europak ere "nahitaezko azpiegituratzat" jo du EAEko AHTa, Pastorren hitzetan, eta horrek Europar Batasunaren "finantziazioa" ekarriko duela gaineratu du.

Aurreko Gobernuari eskerrak eman dizkio Ana Pastorrek egindako lanagatik. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraituko dutela azpimarratu du (Jaurlaritzak Gipuzkoako zatia eraiki behar du).

Gasteizko zatia 2013an lurperatuko dute

Ordu batzuk beranduago, Ana Pastorrek esan du 2013. urteko Aurrekontuetan Gasteizko zatia lurperatzeko partida onartu egingo dutela. Obrak datorren urtean hasiko dituztela gaineratu du.

Pastorrek adierazi duenez, lanak esleitzeko eraikuntza proiektua hamar edo hamabi hilabeteko epean amaitzea aurreikusten dute, eta ondoren martxan jarri ahalko dira lanak.

Abiadura Handiko Trena Arabako hiriburura iristen den garairako lurperatzea amaitu gabe egon daitekeen aukeraren inguruan, berriz, Pastorrek egungo geltokira iritsi ahal izateko behin-behineko lotura bat ezarriko dela iragarri du, trenaren iritsiera egun bakar batean ere atzeratu ez dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea