Gizartea -
ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN
Dobaran: "DBH bukatzean B2 lortzea ezinbestekoa da ikasketa prozesua ondo egiteko eta erabileran eragiteko"
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordearen esanetan, helburu hori ezinbestekoa ez ezik, lorgarria ere bada. "Orain bikaintasunari begira jarri gara eta hori da akordioaren gauzarik garrantzitsuena hizkuntzari dagokionez", gaineratu du.
Onintza Aiestaran | EITB MEDIA
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako sailburuordeak hezkuntza itunaz hizpide izan du gaur goizean Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan. Haren esanetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitzean B2 maila lortzea ezinbestekoa da ikasketa prozesua behar bezala egiteko eta erabileran eragin ahal izateko. Helburu hori ezinbestekoa ez ezik lorgarria ere badela uste du. "Orain bikaintasunari begira jarri gara eta hori da akordioaren gauzarik garrantzitsuena hizkuntzari dagokionez", gehitu du.
Hizkuntza Politikako sailburuordearen arabera, tokian tokiko egoeren gainean eraiki beharko dira hizkuntza proiektuak, baina eskolak bakarrik ezingo du hori egin. "Ez da soilik metodologiak aldatu eta irakasle gehiago jartzea, ekosistema oso bat eskaini behar zaie ikasleei euskaraz aurrera egin dezaten, gaitasun horiek lor ditzaten eta inguru informalean ere euskaraz gozatzeko aukera izan dezaten, ez dadin euskara soilik hizkuntza akademikoa izan", gaineratu du.
Gaur zortzi hasiko den Korrikari buruz galdetuta, gizartean ilusioa nabari duela eta une oso egokian datorrela azpimarratu du sailburuordeak. Azken bi urteetan pandemiaren eraginez hizkuntza komunitateak gaizki pasatu duela eta berriro aktibatu beharra dagoela adierazi du.
Aurten egingo den Euskaraldiari lotuta, berriz, bi urtez behin egin beharreko ariketa soziala dela defendatu du. Sailburuordearen hitzetan, datuek erakutsi dute eraginkorra dela eta amaitu eta hilabete batzuetara ere mantentzen dela "irabazitako portzentaje handi bat".