Gizartea -

Erasoa adingabe bati

Eusko Jaurlaritzak adingabeari egindako erasoa gaitzetsi du: "Erakundeek eta familiek lan asko dugu egiteko"

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak bi adingabek beste nerabe bati egin dioten erasoa ikertzen jarraitzen dute.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodrigo Gartzia Eusko Jaurlaritzaren sailburuordeak Bilbon adingabe bati beste bi nerabek egindako erasoa gaitzetsi eta gizarteak oraindik lan handia egin behar duela esan du.

"Ikaratzen duten irudiak dira, gure gaitzespena merezi duten eta mina eragiten duten irudiak. Erakusten dute erakundeek, familiek eta gizarteak orokorrean lan handia dugula aurretik, lan handia dugula egiteko", esan du Gartziak.

Azaldu duenez, "biktima eta erasotzaileak adingabeak dira". Zentzu horretan, zehaztu du, adingabeak izanik, babes berezia dutela. Beraz, "detaileak Adingabeen Fiskaltzak eman beharko ditu".

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak ikerketa abiatu dute, salaketa jarrita baitago.

Aburtok erasoa gaitzetsi du eta gaitzespen orokorra eskatu du

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak "erabateko gaitzespena" adierazi du erasoaren aurrean, eta horrelako jarrerak guztiek gaitzesteko eta salatzeko eskatu du, berriz gerta ez daitezen.

Zenbait txiotan, Aburtok "adingabeko baten aurkako bidegabeko indarkeriazko ekintzatzat" jo du, eta "elkartasuna" adierazi dio biktimari.

"Bilbok gaitzetsi egiten du bere biztanleen aurka horrela jokatzen dutenen balio falta, are gehiago babesgabe dauden pertsonak direnean, eta modu mingarrian pribatutasuna galdu eta euren giza duinatsunaren aurka eraso egin dutela ikusten dutenean", nabarmendu du alkateak.

"Gaitzetsi ditzagun guztiok jarrera horiek, eta aho betean salatu ditzagun, berriz gerta ez daitezen", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Ertzaintza Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak