Gizartea -
Zientzia
Ikerkuntzan inbertsioak egitearen garrantzia
Kataluniako zientzialari batzuek aurkikuntza garrantzitsua egin dute hiesaren inguruan, Gobernua ikerkuntzan murrizketa handiak egiten ari den honetan.
D.P.
Kataluniako zientzialari talde batek hiesaren inguruan egindako aurkikuntzak agerian utzi du ikerkuntzan inbertsioak egitearen garrantzia, hain justu Mariano Rajoyren Gobernua sektore horretan murrizketak egiten ari den honetan.
Ikerlariek giza immunoeskasiaren birusa (GIB) organismoan hedatzen duen molekula atzeman dute, eta horrela, bidea argitu dute tratamendu berriak eta hiesa guztiz sendatzeko txertoa sortzeko.
2012ko Aurrekontu Orokorretan, Espainiako Gobernuak % 25,6ko murrizketa egin du I+G+B (ikerketa, garapena eta berrikuntza) sektorean, eta % 34koa ikerketa programetan.
Gaur egun, Espainia Europar Batasuneko 18. tokian dago I+G+B sektorean, 2010eko datuak oinarri Bruselak egindako azken txostenaren arabera. Aurtengo murrizketekin, baina, Espainiak okerrera egin lezake.
Bonaventura Clotetek, hiesaren inguruko aurkikuntza egin duen erakundeko (IrsiCaixa) zuzendariak, nabarmendu du garrantzitsua dela ikerketan inbertitzea. Izan ere, txertoa sortzea lortuko balute, gaixoek tratamenduan gastatzen dituzten milioika euroak aurreztuko lituzketela argudiatu du.
Horren ildotik, Clotetek adierazi du ez dela "zentzuzkoa" ikerketan murrizketak egitea, eta horrek IrsiCaixan eragina izango duela.
Institutu horren finantziazioaren % 40 Estatuak eta Europak ematen dute, eta gainerakoa La Caixaren obra sozialak, Kataluniako Gobernuak eta Esteve konpainiak.
"Espainiak oraindik ere ikerkuntzan duen bikaintasuna ez da lortu bi egunetan, baina bi egunetan gal daiteke", iritzi dio.
Zelula amen ikerketaren aitzindaria, Irving Weissman zientzialari estatubatuarra, iritzi berekoa da: "Ikerketa bat askoz eraginkorragoa da funts publikoekin, enpresa pribatuek arriskuak hartzea galarazten baitute".
"Uste da enpresa pribatu batera jo beharra dagoela emaitzak azkar eta zehatz lortu nahi badira, baina hori guztiz gezurra da. Unibertsitatean lan eginda [Stanforden haren kasuan], nahi duguna ikertu eta patentatu dezakegu, ez baitago dirua irabazteko asmorik; horregatik, beharrezkoa da unibertsitateek Gobernuaren laguntza izatea", gaineratu zuen, duela bi aste egindako adierazpen batzuetan.
Martxoan, Espainiako 400 ikerlari inguruk gutun bat sinatu zuten, Gobernuari murrizketak ez egitea eskatzeko.
Sinatzaileen ustez, murrizketaren ondorioetako bat ikerlari espainiarrak atzerrira joatea izango da. "Sistemak hamarkadak beharko ditu suspertzeko", salatu zuten.