Gizartea -

ARABA

Arabako Foru Aldundiak adinekoen egoitzak berregituratuko ditu eta etxeko zaintza sustatuko du

"Iraupen Luzeko Zainketen Estrategia" aurkeztu diete ahaldun nagusiak eta Gizarte Politiketako diputatuak sektoreko eragileei.

Langile bat eta egoiliar bat adinekoen egoitza bateko parkean paseatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat eta egoiliar bat adinekoen egoitza bateko parkean barrena paseatzen.
Langile bat eta egoiliar bat adinekoen egoitza bateko parkean paseatzen. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak buelta bat eman nahi dio adinekoen zaintzari, eta, estrategia aldaketa horren baitan, adinekoen egoitzak berregituratuko ditu eta etxeko zaintza sustatuko du.

Gaur goizean, "Iraupen Luzeko Zainketen Estrategia" aurkeztu diete Ramiro Gonzalez Arabako aldun nagusiak eta Emilio Sola Gizarte Politiketako diputatuak sektoreko eragileei.

Araban 65 urtetik gorako 70.000 pertsona inguru bizi dira, eta gainera 12.000 adinekok mendekotasun graduren bat dute aitortuta. Arabako emakumeen bizi-itxaropena 87 urtekoa da, eta gizonena, 81 urtekoa.

Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, estrategiak bi jarduera ildo aurreikusten ditu: etxean geratu nahi duten pertsonentzat eta adinekoen egoitza aukeratu edo behar dutenentzat.

Lehenengoaren baitan, "Etxean bai" plana nabarmentzen da, adinekoei eta mendekotasuna dutenei beren etxea geratzea erraztea helburu duena. Adineko bakoitzak erreferentziazko zentro bat izango du esleituta, eta horrek egingo du parte-hartzaileen jarraipena eta monitorizazioa. Jarraipena, ahal dela, telematikoki egingo da aplikazio baten bidez, baina telefonoz edo aurrez aurreko arretarekin ere osatu ahalko da.

Adinekoen egoitzei dagokienez, Diputazioak ekipamendu horiek berritzeko eta berregituratzeko eta berriak eraikitzeko plan bat aurreikusi du.

Bestalde, Aldundiak bakardadeari aurre egitea helburu izango duen herritarren sare bat sortzeko lan egingo du. Dagoeneko, Bakardadearen Eskola sortu dute Laudion, eta ekimena beste udalerri batzuetara zabaldu nahi dute.

Azkenik, "Gizarea" izeneko zaintza eredua ere iragarri du. Eredu horren helburua da familiek eta profesionalek inplikazio handiagoa izatea dementzia aurreratua, desgaitasun intelektuala edo gaixotasun mental larria duten pertsonen zaintzan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Gizartea bideoak Arabako Ahaldun nagusia Eguneko albisteak Albisteak Egoitza geriatrikoak Arabako Foru Aldundia azken orduko albisteak Adinekoak