Gizartea -
Matxismoa
Chris Rocken burla eta Will Smithen zaplaztekoa: Maskulinitate toxikoa aztertu dugu Irantzu Varelarekin
Chris Rockek txiste bat egin zuen Will Smithen emaztearen alopeziaren harira eta honek zaplada bat eman zion umoristari. Irantzu Varelak adierazi du biak ala biak jarrera matxistak direla eta azpimarratu du oraindik ez dakigula zein den Jada Pinkett aktoreak gertakari horretaz duen iritzia.
GAIZKA PALACIOS AGIRRE | EITB MEDIA
Chris Rock umoristak Jada Pinkett aktorearen itxura fisikoaren harira txiste bat egin zuen Oscar Sarien galan, eta haren senarrak, Will Smith aktoreak, zaplaztekoa eman zion agertokira ezustean igota. Bi gertakariak maskulinitate toxikoaren ondorio dira, eta Irantzu Varela kazetari eta ekintzaile feministaren laguntzarekin aztertu ditugu.
Chris Rocken agerraldiaren harira, Varelak adierazi du "normaltzat jotzen eta oso barneratuta dugun matxismoaren adibidea" dela; izan ere, tamalez, "ohikoa da emakumeen itxurari, gorputzei edo ahultasunei buruzko txisteak egitea".
"Ia planeta guztian ikusten den ikuskizun batean, den-dena gidoi baten arabera egiten den ikuskizun batean, horrelako txiste desegoki bat egitea oso adierazgarria da", deitoratu du. "Gaixotasun batek eragindako gabezia fisiko bati ari zaio barre egiten", erantsi du.
Will Smithen jarrerari dagokionez, Varelak uste du "maskulinitate biolentoaren adibidea" dela.
"Will Smithek uste du berak defendatu behar duela bere bikotekidea, emakumea bere burua defendatzeko gai izango ez balitz bezala; ez dio galdetzen umiliatua sentitu den eta ez du berarekin adosten iseka horren aurrean eman beharreko erantzuna; eta, hori gutxi balitz, indarkeria erabiliz erantzuten du", kritikatu du.
"Emakume batek babesa behar duen edo erabakitzen duen gizonaren papera betetzen du; eremu publikoan emakumea defendatzen du, bere iritzia zein den galdetu gabe eta indarkeria erabiliz", gaineratu du.
Bere jarrera justifikatu nahian, familia babesteko egin zuela eta "maitasunak erokeriak egitera" bultzatzen zaituela adierazi zuen aktoreak.
"Adierazpen horiek erakusten dute zibilizazio ezberdinetan mantendu den biolentzia sinboliko patriarkalaren eredua: gizonezkoak emakumea babestu behar du, eta erabaki hori gizonek alde bakarrez hartu dute, hau da, gizonek emakumea gizonengandik babestea erabaki dute", adierazi du.
"Nire ustez, botere estrategia bat da, emakumeari boterea kentzen zaio, bigarren mailako pertsonak garela pentsatzen dutelako eta gatazkak kudeatzeko modu bakarra dagoela uste dutelako", erantsi du.
Gauzak horrela, Oskar sarietan gertatutakoa honela laburbiltzen du: "Emakume baten gorputzari buruzko txistea, Will Smithen erantzuna eta bere jarrera justifikatzeko azalpenak jarrera matxistak dira".
Eta, gertakariak jaso zirenetik biktimak hitz egin ez izana nabarmendu du. "Oraindik ez dugu Jada Pinketten hitzik entzun, eta bera izan da isekaren subjektua eta erantzunaren subjektu pasiboa. Berari galdetu behar zaio gertatutako guztiari buruz duen iritzia".
Amaitzeko, beste hausnarketa bat abiatzeko ondoko galdera egin du Varelak: "Zergatik iruditzen zaigu hain izugarria eta dramatikoa emakume bat burusoila izatea eta, aldi berean, normaltzat jotzen dugu gizon burusoilak egotea?".