Gizartea -
BIZKAIA
Sute handi batek ibilgailu kontzesionario bat kiskali du Erandion
Sua arratsaldean piztu da Erandioko ibaiertzean dagoen kontzesionario batean, Arrontegiko zubiaren azpian. Ez da zauriturik izan, baina hogei bat auto erre dira.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Sute handia izan da arratsalde honetan Erandioko ibilgailu kontzesionario batean. Ez da inor zauritu, baina kalte material handiak izan dira.
Garrak 17:30 inguruan piztu dira Arrontegiko zubipean dagoen Mazda konpainiaren kontzesionarioan, eta ke laino handia eragin dute.
Suhiltzaileak 18:00etarako bertaratu dira eta 20:15etarako sua itzaltzea lortu dute. Eraikina jendez hustu dute eta ez da zaurturik izan. Alabaina, suak hogei bat auto kiskali ditu.
SOS Deiak larrialdietako zerbitzuak etxeko leihoak ixteko gomendioa egin du, garrek ke handia eragin dutelako Erandion. Bilboko bizilagunei ere aholku bera eman die Udaltzaingoak.
Horrez gain, sutearen ondorioz, metroaren lehen lineako zerbitzua ia ordubetez eten behar izan dute. Edonola ere, zerbitzua martxan dago jada.