Gizartea -
Tragedia Gipuzkoan
Zaldibiak hiru dolu egun ezarri ditu emakume bat eta 17 hilabeteko semea hil ondoren
Ezbeharrak samina eragin du 1.600 biztanle pasatxo dituen herri txikian. Herritarrek loreak utzi dituzte haurreskolan, hara joaten baitzen hildako haurtxoa.
EITB Media
Zaldibiako (Gipuzkoa) Udalak hiru dolu egun ezarri ditu eta ikurrina haga erdian jarri du. Gas ihesa izan da goizean etxebizitza batean, eta bi pertsona, 25 urteko ama eta 17 hilabeteko semea, hil dira.
Ezbeharrak samina eragin du 1.600 biztanle pasatxo dituen herri txikian. Herritarrek loreak utzi dituzte haurreskolan, hara joaten baitzen hildako haurtxoa.
Hirugarren pertsona bat, umearen aita eta emakumearen bikotekidea, Zumarragako Ospitalera eraman behar izan dute karbono monoxidoa arnasteagatik.
Larrialdi zerbitzuek 06:30 aldera izan dute gertakariaren berri. Gizonezko batek 112 larrialdietako telefono zenbakira deitu du bera ondoezik zegoela eta emaztea eta semea konortea galduta zeudela ikusita. Santa Fe kaleko 58. zenbakiko beheko solairuan izan da gertakaria. Gipuzkoako suhiltzaileak eta ertzainak bertaratu dira, iturrion arabera.
Larrialdi zerbitzuek ama-semeak topatu dituzte konorterik gabe etxebizitzako logela batean, Gipuzkoako Suhiltzaileen arabera.
Bertaratutako medikuak bi bizilagun horien heriotza baieztatu du. Gizona Zumarragako Ospitalera eraman dute.
Galdararekin arazoak omen zituzten, alkatearen esanetan
Biktimak familia bereko kideak dira. Mutikoak 17 hilabete baino ez zituen. Sortzez argentiarra zen bikoteak bost urte zeramatzan Goierriko udalerrian bizitzen, Eztitxu Mujika Zaldibiako alkateak Euskadi Irratian esan duenez.
Alkatearen hitzetan, familiak arazoak omen zituen galdararekin. Mujikak bi heriotzak baieztatu ditu, eta gizona larri baina egonkor dagoela zehaztu du.
Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.