Gizartea -
DELITUAK
Delitu kopuruak % 13 egin zuen behera iaz Gasteizen, 2019arekin alderatuta
Delituen guztien % 72 ondarearen eta ordena soziekonomikoaren aurkakoak dira. Gainera, internet bidez egindako delituak dira arau-hauste penal guztien % 15,5.
EITB MEDIA
Gasteizen delitu tasak behera egin zuen iaz, % 13,4, 2019ko datuekin alderatuta, Gasteizko Udalak ostegun honetan ohar baten bidez jakinarazi duenez. 2020arekin konparatuz gero, jaitsiera % 5,5ekoa izan zen.
Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak erregistratutako delituen guztien % 72 ondarearen eta ordena soziekonomikoaren aurkakoak izan ziren. Salatutako delituen ia erdiak lapurretak dira (% 48,41), iruzurren (% 21,52) eta kalteen aurretik (% 14,91).
Gainera, internet bidez egindako delituak izan ziren arau-hauste penal guztien % 15,5.
Pertsonen aurkako delituei lotuta, bi hilketa zenbatu ziren iaz Gasteizen. 2021eko otsailaren 10ean gizon bat hil zen Flandria kalean, beste pertsona batek labanaz zauritu ondoren. Bestalde, urriaren 12an 42 urteko gizon batek 37 urteko emaztea hil zuen Sansomendi auzoko etxe batean.
Genero indarkeria delituei dagokienez, aurreko urtearekin alderatuta 12 kasu gehiago izan ziren iaz (2021ean 610, 2020an 598, 2019an 728), baina zenbakiak pandemia aurreko urteetakoak baino apalagoak dira.
Sexu askatasunaren aurkako delituen atalean, iaz 26 sexu-eraso erregistratu ziren, 2020an baino 3 gehiago, eta heren bat baino gehiago genero indarkeria kasuak izan ziren.