Gizartea -
itzulia basque country 2022
Horrela eragingo dio 2022ko Itzuliak zirkulazioari
Gaur Hondarribiko kaleetan izango du eragina lasterketak. Asteartean Nafarroan barrena ibiliko dira txirrindulariak, eta asteazkenean eta ostegun-ostiralean, Araban eta Bizkaian, hurrenez hurren. Larunbatean Arrateko gainean (Gipuzkoa) bukatuko da.
agentziak | eitb media
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko buruak 2022ko Itzulirako aktibatuko duten segurtasun dispositiboa eta lasterketak euskal errepide sareko zirkulazioan izango duen eragina izan ditu hizpide. 61. edizioan, lasterketa Hondarribitik (Gipuzkoa) aterako da gaur eta, ohitura den bezala, Eibarko Arrate santutegirako igoerarekin amaituko da, apirilaren 9an.
Diaz de Corcuerak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak txirrindularitza proba laguntzeko segurtasun dispositibo bat koordinatuko du; Ertzaintzako 260 kidek parte hartuko dute horretan (Trafiko unitateak, Brigada Mugikorra, Zaintza eta Erreskatea eta Ertzain-etxeetako agenteak), eraginpeko udalerrietako Udaltzaingoekin batera.
Herritarrek eskura izango dute Eusko Jaurlaritzaren telefonoa, trafikoaren inguruko informazioa jasotzeko: 011, 24 orduz erabilgai, baita www.trafikoa.euskadi.eus webgunea, @TrafikoaEJGV Twitter profila edo TrafikoaEJGV app-a ere. Era berean, trafikoaren eraginei eta murrizketei buruzko informazioa eskainiko da euskal errepide sareko puntu desberdinetan dauden mezularitza-panel aldakorretan.
Trafikoaren gorabeherak
Gaur, apirilaren 4an, Hondarribiko (Gipuzkoa) trafiko osoari eragingo dio Itzuliak (12:00etan hasita, 17:30era). Asteartean, hilaren 5ean, Nafarroatik ibiliko dira txirrindulariak, eta Leitza eta Viana arteko hainbat errepide itxita egongo dira tarte batez.
Asteazkenean, hilak 6, gorabeherak egongo dira A-625 errepidean, Laudio eta Amurrio parean (Araba), 13:00ak eta 17:00ak bitarte, bi noranzkoetan.
Ostegunean, apirilak 7, N-240 errepidea egongo da eraginpean, Arabatik N-634ra (Galdakao) arte, 13:00etatik 15:00etara, gutxi gora behera. Gomendagarria da ibilgailu pisutsuen zein ibilgailu berezien trafikoa saihestea edo murriztea. AP-8 errepideko 105 irteera itxiko dute (Galdakao Ospitalea–Gasteiz) bi noranzkoetan, 13:00 eta 14:45 artean, N-240rako sarbidea eteteko, beheranzko noranzkoan. Ordu-tarte horretan, Galdakaoko Ospitalerako sarrerari eragingo dio trafikoak; larrialdietako taldeei eta garraio publikoari bakarrik baimenduko zaie sarbidea.
N-634 errepidea ere itxiko dute, N-240arekin duen loturan, Erletxe eta Gallo arteko tartean, bi zentzuetan 13:00etatik aurrera. N-240rako trafikorako alternatiba AP-8tik, N-634tik eta BI-635tik bideratuko da, Zornotzatik.
Gainera, BI-631ko irteera erreiak moztuko dituzte (Santo Domingon), bi noranzkoetan, BI-3741 errepiderantz (Artxandako errepidea, Enekurirantz), 13:15 eta 15:00 artean. Eragin puntuala izango da Bilboko irteeretan Enekuritik, lasterketaren burua bertatik igaro baino 15 minutu inguru lehenago, 14:40 aldera eta txirrindulariak igaro arte.
Bestalde, N-637ko Asua-Enekuri irteerako zirkulazioa desbideratuko dute, Getxo noranzkoan, Asua-La Cadena biribilguneko trafikoa saihesteko, 14:54 aldera eta txirrindulariak bertatik pasatu bitartean.
Halaber, Zamudioko Parke Teknologikorako sarbideak ere eraginpean egongo dira BI-737tik, aldizka, 16:15etik 17:30era, lehenik lasterketa igaroko delako eta, ondoren, etaparen amaiera bertan izango delako. N-637 errepidean, Txorierriko igarobidean, Lezama eta Larrabetzuko 25 eta 27 irteerak itxiko dituzte, bi noranzkoetan, 16:15etik 17:30 arte, gutxi gorabehera.
Apirilaren 8an, ostiralean, N-637 errepideko 25 irteera itxiko dute, Txorierriko igarobidean, bi noranzkoetan, 12:45etatik 13:45etara. Gainera, gorabeherak izango dira N-634an, Iurreta eta Abadiño-Durango artean, 16:30 aldera. Eragin esanguratsua izan dezake bertan lasterketak, tarte horretan izaten den trafiko pisutsuaren bolumena dela eta.
Bukatzeko, larunbatean GI-2634 errepidea itxiko dute, Azkaraten, 15:00ak eta 16:00ak bitarte. Arraterako igoera zarratuko dute, lasterketa bertatik igarotzeko unean. Edonola ere, gomendagarria da ibilgailu partikularrekin ez igotzea.