Gizartea -
Bizkaia
Ehunka lagun manifiestatu dira Bilbon, osasun publikoaren defentsan
"Auzoen beharrei erantzuten duen osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa" eskatu dute. Goizean, aldarrikapen berdinari eutsita, zenbait elkarretaratze izan dira beste hainbat udalerritan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
200 bat lagun manifestatu dira larunbat honetan Bilboko erdigunean, hainbat elkarte sozialek, auzokideen elkartek eta sindikatuk deituta, euskal osasun sistema publikoaren defentsan. Manifestazioa 17:30ean abiatu da, Jesusen Bihotza plazatik, Bilboko Kale Nagusia zeharkatu eta Arriaga plazan bukatuta, osasun publikoaren aldeko oihuen artean.
Goizean, aldarrikapen berdinari eutsita, zenbait elkarretaratze izan dira beste hainbat udalerritan, tartean, Donostian (Gipuzkoa), Getxon eta Zornotzan (Bizkaia) eta Murgian (Araba).
Satse, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek babestu dituzte mobilizazioak. Osakidetzako mahai sektoriala utzi zuten atzo, euren eskaerei erantzun ez zietelakoan. Hori dela eta, Lehen Arretan apirilaren 8rako eta ospitaleetan eta Osasun Mentaleko sarean maiatzaren 16rako deitutako greba-deialdiei eustea erabaki zuten.
"Pixkanakako pribatizazioa" salatu dute
Gaurko mobilizazioaren antolatzaileek ohar baten bidez salatu dutenez, "murrizketetan oinarritutako politikak" egiten ari dira, eta osasun publikoa "pixkanaka pribatizatzen". Horren aurrean, "auzoen beharrei erantzuten duen osasun sistema publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa" aldarrikatu dute, eta inbertsio handiagoa Lehen Arretan.
Gainera, "arreta presentziala lehenesten duen sistema" baten alde egin dute, eta "itxaron-zerrendak murriztea, gaixo kronikoak dituzten pertsonei jarraipen estua eskaintzea eta diagnostikoak goiz eta zehatzak ematea" ere eskatu dute.